Soldata arrakalaren kontra
Emakundek laguntzak handitu ditu berdintasun planak egiten dituzten enpresentzat
EITB.EUS
Aurtengo ekitaldirako 160.000 euroko aparteko deialdia egin du. 2020rako, berriz, 200.000 eurora arte igoko du zenbatekoa.
Emakunde Emakumearen Euskal Institutuak handitu egin ditu berdintasun diagnostiko eta planak egiten dituzten enpresei zuzendutako laguntzak. Martxoan onartu zuen Jaurlaritzak berdintasunarekin lotutako dekretua, eta, horren arabera, 2020tik aurrera enpresa txikiagoetan ere derrigorrezkoa izango da horrelako planak egitea.
Zehazki, urtero egiten duen deialdiaz gain, 160.000 euroko laguntzen ezohiko deialdia egin du, enpresek berdintasun planak egiteko aholkularitza enpresak kontrata ditzaten (azaroaren 11n amaituko da eskariak aurkezteko epea). Era berean, 2020ko ekitaldirako, 200.000 eurora igo du laguntzen zenbatekoa.
Orain arte, 250 langile baino gehiago zituzten enpresentzat zen derrigorrezkoa bakarrik berdintasun plan bat negoziatzea. 2020ko martxoaren 7tik aurrera, ordea berdintasun plan bat izan beharko dute 150 langile baino gehiago dituzten enpresek, 2021eko martxoaren 7tik aurrera 100 langile baino gehiago dituztenek eta 2022ko martxoaren 7tik aurrera 50 langile baino gehiago dituztenek.