EMAKUNDEREN DATUAK
Askatasun sexualaren kontrako delituak %5,6 areagotu dira Euskadin
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2019ko urtarriletik urrira, 339 emakumek salatu dute honelako erasoren baten biktima izan direla Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan.
2019ko urtarriletik urrira, askatasun sexualaren kontrako delituren bat jasan dutela salatu dute 339 emakumek Euskal Autonomia Erkidegoan. Emakundek jaso dituen datu hauen arabera, %5,6 igo dira delitu hauek iaz epe berean izan ziren datuekin alderatuta.
Lurraldeka, Bizkaian %17,6 egin du gora emakume biktima kopuruak (153 izan ziren 2018an eta 180 2019n) eta Gipuzkoan %1,7 (115 2018an eta 117 2019an). Aldiz, Araban %20,7 jaitsi dira biktimak (53 2018an eta 42 2019an).
Oro har, urteko lehen hamar hilabeteetan, emakumeen askatasun sexualaren kontrako 341 eraso izan dira, iaz baino 5,56% gehiago (323 eraso).
Lurralde bakoitzean gertatu diren erasoen datuak egon diren biktima kopuruaren oso antzekoak dira: Bizkaian %18,2 igo dira, Gipuzkoan % 1,74 igo dira eta Araban %22 jaitsi dira.
----------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.