Itxi

Hilketa, 1989an

Bi urtez luzatu dute Ellacuriaren hilketan nahasitako militar ohi baten presoaldia

EiTB.EUS

Leer en Castellano

Auzitegi Nazionalak erabaki duenez, epaitu behar duten Inocente Montano koronel eta El Salvadorko ministrordeak 2021eko azarora arte jarraituko du behin-behineko espetxealdian.

Montanok 2021eko azarora arte jarraituko du espetxean. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

Auzitegi Nazionalak bi urtez luzatu du Ignacio Ellacuria euskal jesuitaren hilketan nahasitako Inocente Orlando Montano koronel eta El Salvadorko ministrordearen behin-behineko espetxealdia. Hortaz, Auzitegian epaitu behar duten Montanok 2021eko azarora arte jarraituko du espetxean, Ellacuria eta beste lau jesuitaren heriotzarekin (horietako bat, Juan Ramon Moreno, nafarra zen) zerikusia izateagatik.

Egozten dizkioten delituen larritasuna du abiapuntu autoak; hain zuzen ere, terrorista-izaerako bost hilketa dira. Ministerio Fiskalak, kalifikazio-idazkian, bost delitu horiengatik, 30na urteko kartzela-zigorra eskatzen du, hau da, "muturreko larritasuneko zigorra; hortaz, behin-behineko neurriak hartu behar dira, prozesuak amaiera egokia izan dezan".

Ihes egiteko arriskua

Gainera, Auzitegiak ohartarazi du Montanok ihes egiteko arriskua egongo litzatekeela aske irtengo balitz. Ildo horretan, gogora ekarri du beharrezkoa izan zela estradizioaren nazioarteko kooperazioaren baliabidea aktibatzea, auzipetua Espainiako auzitegien esku uzteko, eta, gaur egun, epaiketaren data gertu dagoela, handiagoa da, epaileen iritziz, "aparatu jurisdikzionalaren eskumenetik at egoteak dakartzan deserrotzearen eta klandestinitatearen arriskuari heltzeko tentazioa".

Aretoak kontuan izan du, era berean, El Salvadorko koronel ohiak ez duela loturarik Espainiarekin, ez familia-mailan ezta lan-mailan ere, Estatuan balizko sustraitzerik justifikatzeko.

Bi urteko luzapena 2019ko azaroaren 30ean sartuko da indarrean; izan ere, 2017ko azaroaren 30ean erabaki zuen Auzitegiak atxilotua kartzelara bidaltzea.

Albisteak (1)