Mediterraneoa
'Aita Mari' Maltara joango da, 'hurbil' dagoen porturik 'seguruena' delako
Agentzia | Erredakzioa
Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak zehaztu duenez, EAEko Exekutiboa "kontaktuen" eta "loturen" bidez "kudeaketa guztiak" egiten hasi da 78 pertsonak lehorreratzeko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iñigo Mijangos Itsasoko Laguntza Humanitarioko presidenteak adierazi duenez, Aita Mari erreskate ontzia Maltako bandan jarri da, eta "hurbilen" dagoen porturik "seguruenean" lehorreratzeko baimena eskatuko dute.
Mijangosek Radio Euskadin azaldu duenez, osteguneko erreskatatuak "lasai eta nahiko ongi daude mugimendu handiko gau baten ostean".
Aita Mari-k "une oro bere kokapenaren eta gertakarien" berri eman duela azpimarratu du Mijangosek. Horrela, "agintariei bideratzeko" eskatu diete, baina oraingoz ez dute "jakinarazpenik" jaso. "Telefono deiak jaso izana baieztatu du Maltak, baina ez dugu informazio gehiagorik", ohartarazi du.
Nahiago duten portuari dagokionez, "logikoki Malta hurbilen dagoen porturik seguruena litzateke eta, abisu gehiagorik jasotzen ez baldin badugu, litekeena da eguerdian Maltako bandan hastea, eta lehorreratzeko portua eskatuko dugu".
Espainiako Gobernuaren haserrea sumatu ote duten galdetu diotenean, Mijangosek ukatu egin du. Orain arte Espainiako agintariekin elkarrizketa "informalak" izan dituztela esan du.
"Gure irizpidea mantendu eta Maltako zonaldean jarraituko dugu, eta agintariekin harremanetan jarriko gara, legeak eta nabigaziorako nazioarteko kodeak ezarri bezala. Arazo handirik egon beharko ez litzatekeela uste dut", errepikatu du.
78 pertsonak erreskatatu eta ordu batzuk geroago jitoan zegoen beste ontzi baten berri jaso zuen Aita Mari-k. Beste 94 pertsona arriskuan zeuden. Mijangosek zehaztu duenez, azkenean Open Arms ontzia arduratu zen.
"Guk iparralderantz jo genuen hirugarren ontzi baten bila, baina zorionez Maltako kostazainek aurkitu zuten; hala ere, zonaldean jarraitzen dugu abisu berrien zain", deskribatu du.
Aita Mari azaroaren 12an abiatu zen Greziako Lesbos irlatik, bertara giza laguntza eraman ostean, Maltako urtetara, erreskate lanetan laguntzera.
Bestalde, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak zehaztu duenez, EAEko Exekutiboak ez du harreman diplomatikoak zuzenean egiteko aukerarik, baina "kontaktuen" eta "loturen" bidez "kudeaketa guztiak" egiten hasi dira 78 pertsonak lehorreratzeko.
Laguntza humanitarioa eskaintzeko, ontzia Euskaditik Eusko Jaurlaritzaren "babes osoarekin" abiatu zela gogorarazi du Erkorekak. "Misioa betetzen ari da", nabarmendu du bozeramaileak, eta pertsona horien bizitza salbatu izanagatik zoriondu da.
Erkorekaren ahotan, erreskatearen ondoren, Aita Mari-k "beste erronka bat du orain, pertsona horiek nora eraman, non utzi eta haien bizitzak nola bideratu". Erronka horretan, "orain arte bezala", Eusko Jaurlaritzaren "babesa" izango duela ziurtatu du bozeramaileak; izan ere, laguntzeko "eskura duten guztia" egingo dute.
"Eusko Jaurlaritzak ez du harreman diplomatikoak zuzenean egiteko aukerarik. Kudeaketa guztiak kontaktuen eta loturen bidez egin behar ditu, eta hasi gara dagoeneko, baina oraingoz ezin dugu ezer zehaztu. Eusko Jaurlaritza mezuak bidaltzen ari da, eta heltzen ari direla eta gure proposamenak onartuko dituztela uste dugu, bizitza asko aurrean ditugulako eta Aita Mari-k egindako lana benetan goragarria delako", azpimarratu du.