Mediterraneoa
'Aita Mari' ontziak premiazko portua eskatu du, eta italiar uretan dago, ekaitzagatik
Agentziak | Erredakzioa
Maltari edo Italiari erantzun bat galdegin die, daramatzan 78 migratzaileak lehorreratzeko. Itsasontzian bizi duten egoera "oso korapilatsua" da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Aita Mari salbamendu-ontziak "premiazko" erantzuna eskatu die Maltari edo Italiari, daramatzan 78 migratzaileak lehorreratzeko, eta ziurtatu du itsasontzian dagoen egoera "oso korapilatsua" dela. Siziliako ekialdeko kostaldean dago Aita Mari, Italiako uretan, ekaitzaren eragina murrizte aldera.
Ontziaren arduradunak, gobernuz kanpoko Itsas Salbamendu Humanitario erakundeak, ohar bidez igande honetan azaldu duenez, baldintza meteorologikoek okerrera egin, eta"bi eta hiru metroko olatuak daude". Horren ondorioz, ontziko bizitza "oso zaila da". Aurreko ostegunean, Aita Marik Mediterraneoan jitoan zebilen patera bateko 78 migratzaileak salbatu zituen.
Larunbatetik iganderako gauean, Aita Mari eta Open Arms Siziliako ekialdeko kostalderaino nabigatu dira, eta Augusta eta Sirakusaren artean kokatu; izan ere, italiar agintariek "baimena eman diete bi ontziei Italiako lurralde-uretan sartzeko, ekaitzaren eragina murriztea xede", azaltzen du oharrak.
Euria eta hotza
Gobernuz kanpoko erakundearen arabera, ontzian bizi duten egoera "oso korapilatsua" da, "euria ari duelako eta hotza egiten duelako". Egun erreskate-ontzia den euskal atunketarian doazen sei emakumeak eta bederatzi umeak "sotoan daude, babespean", baina gizonak "popako bizkarrean daude"; gune hori olana batek estalita badago ere, "hezetasunak ahuldu egiten ditu naufragoak".
Ontziaren osasun-taldeak haurdun dagoen emakumearen egoera kontrolatzen du, eta laguntza ematen du "ontzian gertatzen ari diren beste kasu batzuetan; besteak beste, antsietate-krisiak daudenetan".
Itsas Salbamendu Humanitarioak ohartarazi du "egoera honek" ezin duela "luzaroan iraun", eta Europako agintariei eskatu die migratzaileei "premiazko erantzuna" ematea. Nabarmendu duenez, migratzaileek, nazioarteko zuzenbideak hala babestuta, "eskubidea dute hurbilen dagoen portu seguruan lehorreratzeko; alegia, Italian edo Maltan, kasu honetan".