Itxi

Mezu bidezko kanpaina

Lan-bizitza kontsultatzeko SMS mezua egiazkoa dela argitu du Gizarte Segurantzak

EITB.EUS

Leer en Castellano

WhatsApp bidez hedatutako mezuek 'phishing' kanpaina bat zela ohartarazten zuten, baina Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak berak gezurtatu du zurrumurrua.

Gizarte Segurantzak gazteleraz bidalitako mezua. @info_TGSS

Azken egunotan Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren (GSDN) SMS mezu bat jaso baduzu lan-bizitza kontsultatzeko esteka batekin (lerro hauekin batera doan argazkikoa bezalakoa) jakin ezazu erakunde publikoaren informazio-kanpaina bat dela, eta ez dela gezurra edo "phishing"a.

Izan ere, WhatsApp bidez zabaldutako mezuek nortasunaren ordezkapen eraso bat ("phishing", ingelesez) zela ohartarazi, eta estekan ez sartzeko aholkatu dute.

Zurrumurruei aurre egiteko azalpen mezu bat eskegi du Gizarte Segurantzak berak Twitterren duen kontuan. Bertan argitu duenez, beharginei euren lan-bizitza jakinarazteko urtero egiten duen bidalketaren parte da SMS mezua. Horren hitzetan, izapideak egiteko sakelako telefonoaren zenbakia eman zuten langileei (% 70) mezu idatzi bidez helarazi(ko) diete txostena. Gainerakoek, berriz, paperean jaso(ko) dute, posta arruntez.

"GSDNk urtero lan-bizitza jakinarazteko bidaltzen duen komunikazioaren harira SMS mezu bat jasotzen baduzu, klik egin estekan. Gizarte Segurantzaren egoitza elektronikoaren zerbitzuan sartu ahalko zara", diote txioan.

Espainiako Poliziak ere antzeko mezua zabaldu du, gezurra ez dela argitzeko. "Erne! Ez da gezurra. GSDNren kanpaina bat da. Telefono mugikorra eman bazenuen, SMS mezu bat iritsiko zaizu zure lan-bizitza ikusteko esteka batekin", irakur daiteke txioan.