Sukaldaritza
Basque Culinary Centerrek munduko lehen Zientzia Gastronomikoen doktoretza izango du
agentziak | erredakzioa
Azti eta Neiker teknologia zentroek ere parte hartuko dute proiektuan, eta gastronomiako ikertzaileak trebatzea izango du helburu.
Basque Culinary Centerrek (BCC), Azti eta Neiker teknologia zentroekin batera, Zientzia Gastronomikoen munduko lehen doktoretza jarriko du martxan urtarrilean, "zientzia gastronomikoetan ikertzaileak hezteko, eta elikaduraren eta gastronomiaren balore katea osatzen duten aktore desberdinen ezagutza sortzeko eta trukatzeko".
Basque Culinary Centerretik azaldu dutenez, helburua da ikasleek "sektorearen alde guztietan aurrera egiteko ikerketa tresna baliagarriak barneratzea eta erabiltzea".
Jose Mari Aizeaga BCCren zuzendariak esan du "hasieratik" hartu dutela "gastronomia sektoreko garapen eta berrikuntza bultzatzeko eragile aktibo" jokabidea, eta horretarako "elikadura, sukaldaritza, zerbitzua, enpresa kudeaketa eta zientziak" uztartu dituztela ikasketetan.
Basque Culinary Centerrek eta gainerako zentroek lehenengo doktoregaiak jasoko dituzte, eta gutxienez hiru urtez ikertu beharko dute gastronomiarekin edo elikadurarekin lotutako edozer, tesia aurkeztu aurretik.
Bi ikerketa talde aurreikusten dira egitasmoan: Elikadura Zientziak, eta Kudeaketa, Gizartea eta Kultura. Lehenengoan Iraunkortasunari, Azterketa Sentsorialari eta Osasunari (Pertsonalizatutako Gastronomia) lotutako gaiak jorratuko dira. Bigarrenean Gizartearekin, Kulturarekin eta Enpresa Gastronomikoen Kudeaketarekin eta Zuzendaritzarekin lotutako gaiak aztertuko dituzte.