Sari europarra
Saria eman diote Gasteizko katedralari, ondarea modu 'zirraragarrian' zaintzeagatik
agentziak | erredakzioa
Birgaitze proiektuagatik eman diote saria, "ondarea zaintzeko modu berri eta zirraragarria"ri esker, bisitariek zaharberritze lanak bertatik bertara ikusteko aukera izan dutelako.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gasteizko Santa Maria Katedrala Fundazioak Europako Arkeologia Ondarearen 2019ko Saria eskuratu du tenpluaren birgaitze proiektuagatik. Sari-banatzaileek azpimarratu dute "ondarea zaintzeko modu berri eta zirraragarria" izan dela, bisitariek zaharberritze lanak bertatik bertara ikusteko aukera izan dutelako, besteak beste.
Europako Arkeologoen Elkarteak irailean iragarri zuen Bernan (Suitza) saria nori emango zion, baina gaur izan da ekitaldi ofiziala. Hautagaitzak epaitu dituen batzordeak txalotu egin du proiektuaren "bikaintasun zientifikoa, proiektuak epe luzera emango duen emaitza eta etorkizunera begira" egin izana.
Santa Maria katedrala, XIV. mendean eraikia, 1994an itxi zuten egituran zituen arazoengatik.
Santa Maria Katedraleko Atariak Fundazioari eman zaion Europako 2019ko Arkeologia Ondarearen Sariaren banaketa ekitaldia jaso du. @ramirogonza k eta Agustin Azkarate saria jaso dute.@Araba_Eus @UNESCO_Paisajes @archaeologyEAA pic.twitter.com/YODANjiQU5
— Catedral Santa Maria (@CatedralVitoria) December 16, 2019
2000.ean zaharberritze lanak hasi zituzten, zimenduetatik hasi eta dorreko puntaraino. Egitura metaliko batzuk jarri zituzten katedralaren barruan lanak bisitatzeko, eta horiei esker Santa Maria katedralak bisitari andana jaso du.
Europako Arkeologoen Elkartearen arabera, proiektua aitzindaria da ikerketa arkeologikoa, arkitektonikoa eta historikoa hezkuntzarekin, gizartearekin, hirigintzarekin eta ekonomiarekin uztartzen dituelako, eta hiriaren ezagutza historikoa "lantzeko" balio izan duelako.
70 herrialdetako 2.500 aditu barnebiltzen dituen elkarteak 1999tik eman ditu sariok, Europako ondare arkeologikoaren ezagutza zabaltzen dituen proiektuentzat.
Gasteizko Santa Maria Katedrala. Argazkia: Santa Maria Katedrala Fundazioa