Itxi

URTARO ALDAKETA

Gaur sartu gara neguan, urteko egunik motzenarekin

AGENTZIAK| ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Abenduaren 22ko 05:19ean hasiko da urtaro berria. Udaberrira arte, bi eklipse izango dira eta urteko meteoro-euririk garrantzitsuenetako bat ere bai.

Hotza Gasteizen. Argazkia: Jose Antonio Fernandez de Luco

Igande honetan hasiko da 2019-2020 negua, 05:19etatik aurrera. Urtaro berriak 88 egun eta 23 ordu iraungo ditu eta 2010ko martxoaren 20an amaituko da, udaberrian sartzearekin batera. Neguan zehar, bi eklipse gertatuko dira, bat eguzkiarena eta beste ilargiarena, baita urte osoko meteoro-euririk garrantzitsuenetako bat ere, Espainiako Behatoki Astronomikoak (OAN) jakitera eman duenez.

Hala, abenduaren 26an eguzki eklipsea gertatuko da. Afrika eta Asia mendebaldetik eta Ozeania erdialdetik ikusi ahal izango da; ez, ordea, Europatik, eta beraz, ezta Euskal Herritik ere.

Lehen ilargi betea 2020ko urtarrilaren 10ean izango da eta hurrengo biak otsailaren 9an eta martxoaren 9an. Gainera, urtarrilaren 10 horretan ilargi eklipsea gertatuko da eta ikusteko modukoa izango da Europatik, Afrikatik, Asiatik eta Australiatik.

Gainera, eguzkiak bi aldiz ezkutatuko ditu planetak neguan: abenduaren 27an Jupiter ezkutatuko du eta urtarrilaren 13an, Saturno.

Ohikoa den gisan, meteoro euria ere izango da. Kuadrantidena izango da lehen fenomeno garrantzitsua. Ikusgai izango dira abenduaren 8tik urtarrilaren 12ra, baina egunik onena urtarrilaren 3koa izango da.

Urteko egunik motzena

Igande hau, abenduak 22, izango da urteko egunik motzena, eguzkia noiz atera eta noiz sartzen den kontuan izanda. OANek jakitera eman duenez, Madrilen, adibidez, 9 ordu eta 17 minutu iraungo du egunak.

Aldiz, urteko egunik luzeena ekainaren 21ekoa izan zen. 15 ordu eta 3 minutu iraun zituen.