Suak
Hiru pertsona kea arnastuta zauritu dira Gasteizen eta Donostian izandako suteetan
Agentziak | Erredakzioa
Bi pertsona ospitalera eraman behar izan dituzte, Gasteizko Olarizu hiribideko etxebizitza 'okupatu' batean sute bat piztu ondoren. Bestalde, gizon bat artatu behar izan dute Donostiako Igeldo auzoan.
Bi pertsona zauritu dira, eta ospitalera eraman behar izan dituzte, Gasteizko Olarizu hiribideko etxebizitza 'okupatu' batean sute bat piztu ondoren.
Bi zaurituak, kea arnastuta, ospitalera eraman behar izan dituzte.
Segurtasun Sailak eta Gasteizko Udalak jakitera eman dutenez, argitzeke dauden arrazoiengatik sutea 11:00ak aldera piztu da Olarizu hiribideko 16. zenbakiko hirugarren solairuan.
Ertzaintza, Udaltzaingoa eta suhiltzaileak bertaratu dira. Suhiltzaileek sua itzali eta egoera kontrolatu dute minutu batzuk geroago.
Bestalde, 58 urteko gizon bat artatu behar izan dute Donostiako Igeldo auzoan. Gizonak kea arnastu du, bere etxean piztutako sutean.
Ertzaintzak jakitera jakinarazi duenez, 11:45 aldera sua piztu da Aita Orkolaga Pasealekuko etxebizitza baten gelan.
Gainera, ureztatzeko kamioi batek edukiontzi bateko sugarrak itzali behar izan ditu Barakaldoko (Bizkaia) San Bartolome Etorbidean. Era berean, suak ondoan aparkaturik zegoen auto bati eragin dio.
Azkenik, Donostiako Martutene auzoan aparkaturik zegoen autobus batek matxura izan du, eta ibilgailuko motorrean sute txiki bat piztu da. Suak ke handia sortu du; autobus enpresako langile batek bi su-itzalgailurekin itzali badu ere. Suhiltzaileek zonaldea freskatu baino ez dute egin.