Pederastia
Nafarroako ikastetxe erlijiosoetan 'ehunka' sexu-abusu izan direla uste dute biktimek
Agentzia | Erredakzioa
“Biktimizazio bikoitza” deitoratu du biktimen elkarteak, aurrena biktimak izan direlako eta ondoren estali dituen “isiltasunagatik”.
XX. mendeko bigarren erdian "Nafarroako erakunde erlijiosoetan egindako pederastia delituak ehunka" izan direla uste du biktimen elkarteak. Zentzu horretan, "biktimizazio bikoitza" deitoratu dute biktimek, aurrena biktimak izan direlako eta ondoren estali dituen "isiltasunagatik".
Nafarroako ikastetxe erlijiosoetan sexu-abusuak pairatu dituzten biktimek agerraldia egin dute Foru Parlamentuan. Duela urtebete kasuak salatzen hasi ziren Elizaren eta epaitegien aurrean, baita komunikabideetan ere. Horrela, 30 salaketa aurkeztu dituzte dagoeneko.
Horren aurrean, Elizako arduradunen jarrera "etsigarria" salatu du biktimen elkarteak, "erantzukizuna saihestu" dutelako, balizko delitua preskribatu edo ustezko erasotzaileak hil egin direla iritzita. Abusuak 50eko eta 90eko hamarkaden artean gertatu ziren Iruñeko Salestar, Jesuitak eta Ursulinak; Garesko Padres Reparadores eta Lizarrako Puy ikastetxeetan.
"Ez gara Elizaren aurkako pertsonak, eta salaketan aurrera ez jarraitzeko dirurik ez dugu nahi", esan du Marcos Leyun elkarteko kideak. Leyunen ahotan, elkartearen helburua "pederastia eta abusuen salaketaren bidez egia bilatzea da, preskribatu ala ez". Era berean, "Justizia kanonikoa zein zibila, ikerketa eta abusuak argitzea" nahi dute.