Eguraldia
500 metrora elurra egin lezake igandean, barnealdean
EiTB.EUS
Aurreikuspena da, nolanahi ere, prezipitazioa txikia izatea, elur-kota maila horretan kokatu orduko. Iragarpena aztertuta, Eusko Jaurlaritzak abisu horia deituko du.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak elurragatik eragindako abisu horia emango du hilaren 19an, igandearekin; izan ere, baliteke EAEko barnealdean elurra 500 metrora egitea. Dena den, aurreikuspena da prezipitazioa txikia izatea, elur-kota maila horretan kokatu orduko.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, elur-maila, hasieran, goizaldean, 800 metrora kokatuko da igandean, eta eguerdirako 500 metroren bueltan izango da. Egunaren lehen zatian, prezipitazio txikia egingo du, ertaina noizbehinka, goizaldean. Arratsalde eta gauerako, prezipitazioa txikiagoa izango da, eta mendebaldean bereziki botako du.
Aurreratu dutenez, 8 zentimetro elur pila litezke gehienez 1.000 metrora, eta zentimetro bakarra 600 metrora. Abisua igandeko 24 orduetan izango da deituta.
Abisu horia Araban larunbatean, muturreko tenperatura baxuengatik eta izotzagatik
Bezperan, larunbatean, eguna hotzarekin hasiko da Euskadiko hainbat puntutan; Eusko Jaurlaritzak abisu horia deitu du ostiraletik larunbaterako gauerako (00:00etatik 10:00etara arte), Araban, muturreko tenperatura baxuengatik eta izotzagatik. Arriskua dago izotz txikia egiteko, bertan.