Indarkeria matxista
Bortxaketa ezeztatu du Getxon bikotekidearen alabari sexu-erasoa egin zion gizonak
Agentziak | Erredakzioa
Akusatuak 13 urteko adingabearen aurkako sexu-abusua onartu du, baina ez bortxatu izana. Epaiketan, Fiskaltzak 11 urteko espetxe-zigorra eskatzen du harentzat, eta akusazio partikularrak 15.
Getxon bikotekidearen 13 urteko alabari sexu-erasoa egitea egozten dioten gizonak onartu egin du, epailearen aurrean, adingabeari ukituak egin zizkiola, baina ezeztatu egin du bortxatu izana. Bitartean, astearte honetan egindako ahozko bistan erakutsitako txosten forentseek ondorioztatu dute frogak eta neskatoaren kontakizunak "sarpenarekin bateragarriak" direla.
Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren Bigarren Atalak astearte honetan epaitu du gizona. Leporatzen diote 2018ko martxoan sexu-erasoa egin ziola 13 urteko adingabe bati, hain zuzen ere garai hartan haren bikotekidearen alaba zen neskato bati, Getxoko Algorta auzoan partekatzen zuten etxebizitzan. Fiskaltzak 11 urteko espetxe-zigorra eskatzen du haren aurka, kopula izan zuen sexu-abusuaren delitu batengatik, eta akusazio partikularrak 15 urteko kartzela-zigorra eskatu du, sexu-erasoagatik; defentsak absoluzioa eskatu du.
Adierazpenean, akusatuak onartu du 2018ko martxoaren 28ko gauean etxean zegoela, bikotekidearen alabak zaintzen (bikotekidea lanean zebilen). Gaueko hamaikak aldera, 13 urteko adingabearen ohean etzan zen, "soilik galtzontziloak zeramatzala"; azaldu duenez, pijamako prakak jaitsi zizkion, eta "ukituak" egin zizkion "baginaren kanpoaldean eta bularretan".
"Ez zen sarpenik izan, nire eskuetan eiakulatu nuen; komunera joan nintzen gerora, aurpegia uretan eragin nuen, gelara bueltatu nintzen, eta barkamena eskatu nion, konturatu nintzelako egindakoa oso txarra zela", azaldu du. Onartu ere onartu du aukera dagoela orduan "haziaren transferentzia bat egoteko", adingabearen baginaren kanpoaldean, baina berretsi du ez zela sarpenik izan.
Biktimak bideokonferentziaz deklaratu du, ateak itxita, eta esan du gelditzeko eskatu ziola akusatuari, baina azken horrek ahoa estali ziola eskuekin; hala jakinarazi du akusazio partikularrak.
Adingabeak ez zion ezer esan amari, baina azken horrek, bi egunen buruan, mugikorra ikusi zion, eta elkarrizketa jakin baten berri izan zuen orduan; elkarrizketa hartan, alabak esaten zion akusatuari "beldur" zela, "haurdun egoteko aukeragatik". Ildo horretan, auzipetuak onartu du haurdunaldi-test bat erosi zuela farmazian, "neskatoa tematu zelako, eta zalantzak zituelako"; baieztatu ere baieztatu du esan ziola, haren galderei erantzunez, "normala" zela "mina" izatea.
Amak bost urte zeramatzan, garai hartan, akusatuarekin, eta elkarrekin lan egiten zuten; adierazi duenez, auzipetuak, WhatsAppen bidez, onartu zuen "esku sartu izana", eta, justifikazio moduan, esan zion "burua joan zitzaion une batean" izana zela: "Bakarrik nahi zuen jendeak ez jakitea. Galdetzen zidan ea kontatuko nuen, eta eskatzen zidan bera abisatzeko, Poliziak haren bila joan behar bazuen", zehaztu du.
Adingabearen aitak eraman zuen neskatoa Gurutzetako ospitalera, bi egunen buruan, gertatutakoaren berri izan zuela, eta bertan abiatu zuten sexu-erasoen protokoloa. Gerora, salaketa aurkeztu zuten, martxoaren 31n, Ertzaintzaren aurrean.
Adituen iritzia
Adingabearen gelan hartutako frogak aztertuta, ondorioztatu zuten neskatoaren pijaman haziaren abarrak zeudela, bai eta akusatuaren eta biktimaren abar fisiologikoak ere izaretan; hala esan dute probak eta txostenak egin zituzten adituek.
Halaber, Toxikologia Institutu Nazionalaren azterketen arabera, umearen baginan akusatuaren hazia eta espermatozoideak detektatu zituzten, "sarpenarekin bateragarriak". Gurutzetako ospitalean egindako lehen mediku-azterketan, adingabeak esan zuen akusatuak "larrua jo" zuela berarekin; gerora, Ertzaintzaren aurrean, adierazi zuen ez zekiela sarpenik egon ote zen.
Aditu forentseen arabera, adingabeak esandakoa eta lagin ginekologikoak "sarpen batekin bateragarriak" dira, bai eta traumaren osteko sintoma klinikoak ere.
Fiskaltzak 11 urteko espetxe-zigorraren eskaerari eutsi dio, kopula izan zuen sexu-abusuaren delitu batengatik, eta akusazio partikularrak 15 urteko kartzela-zigorra eskatzen du, sexu-erasoagatik, bai eta 35.000 euroko kalte-ordainketa, "min moralengatik" eta etorkizunean adingabeak "jasan litzakeen ondorio txarrengatik". Defentsak, aldiz, absoluzioa eskatu du; izan ere, akusatuaren abokatuak adierazi du ez dela frogatu "indarkeriarik ala larderiarik egon izana", eta, hortaz, "ez dago sexu-erasorik egoterik".
Senideen haserrea, eta protestak epaiketa hasi aurretik
Epaiketa epaiaren zain geratu da. Akusatua epaitegietatik irten denean, adingabearen senideek eta horien hainbat lagunek haserre-oihuak bota dituzte. Biktimaren amak eskatu die "hau bera pairatzen ari diren neskato guztiei" ez isiltzeko.
"Ez dugu zertan lotsarik izan. Delitua egiten dutenak egon behar dira burua makurtuta. Aski da, ezin gaituzte bortxatu, ezin gaituzte hil. Neskato hau ohean zegoen, flanelako pijama batekin, eta bera zaindu behar zuen pertsonak bortxatu egin zuen", salatu du.
Biktimari babesa azaltzeko eta bortxaketa salatzeko, elkarretaratzea egin dute hainbat talde feministek (Betaurreko Moreak, Akelarre Santutxu eta Sutea Leioa, besteak beste) epaitegiaren kanpoaldean, "Erantzun gabeko erasorik ez", lelopean.
Talde feministek salatu dutenez, erasoa familia barruan gertatu zen: "Ustezko erasotzailea amaren bikotekidea zen eta eurekin bizi zen, eta beraz, are larriagoa da erasoa, ustezko bortxatzailea konfiantzazko pertsona zelako".