Eguraldia
Abisu horia ezarri dute gaur kostaldean, itsasaldeko arriskuagatik
Agentziak | Erredakzioa
Nabigaziorako lehen bi itsas milietan ezarritako abisuaz gain, beste abisu hori bat ezarriko dute itsasgoran 4-5 metroko olatuak irits daitezkeelako itsasertzera.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du gaur, asteartea, kostaldean, itsasaldeko arriskuagatik. Nabigaziorako lehen bi itsas milietan ezarritako abisua egun osoan egongo da indarrean, izan ere, 5 metrorainoko olatuak espero dira, batez ere arratsaldean izango den itsasgoran.
Zehazki, 4-5 metroko olatuak izango dira gaur euskal kostaldean, eta, hori dela eta, abisu horia ezarri dute, eta beste abisu hori bat itsasgoran (18:00etatik 20:00etara), 4-5 metroko olatuak irits daitezkeelako itsasertzera.
Egoera hori bihar, asteazkena, errepikatuko da, 18:00ak arte; nabigaziorako abisua eta kostaldean 4 metroko olatuak izango dira. Egunak aurrera egin ahala, olatuen altuera jaisten joango da, eta 3-3,5 metrokoak izango dira gauean.
Donostiako Pasealeku Berria ibilgailuentzat itxita egongo da astearte honetan, olatuen eraginez Babes Zibilak ezarritako abisu horia dela eta.
Ibilgailuak ezingo dira Pasealeku Berritik ibili 18:00ak arte.
Atzo, haizegatik abisu horia egon zen indarrean. Hego-mendebaldeko haize zakarra ibili zen, eta Urduñan (Bizkaia) 116 km/h-ko boladak erregistratu ziren. Karrantzan eta Punta Galean (biak Bizkaian), berriz, 111 eta 104 km/h-ko ufadak izan ziren, hurrenez hurren.