Itxi

Zigoitia (Araba)

Gidari batek bi txirrindulari, horietako bat Mikel Landa, harrapatu eta ihes egin du

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Gizonak positibo eman du droga proban. Gainera, atxilotuak AP-1 autobidean, Burgosen, ordu batzuk lehenago izandako istripu batekin zerikusia ote duen ikertzen ari dira.

Mikel Landa Bahrain McLaren taldeko txirrindularia ospitalean. Argazkia: @MikelLandaMeana

Ertzaintzak auto baten gidaria atxilotu du arratsaldean, bi txirrindulari N-622 errepidean, Zigoitian (Araba), harrapatzea eta ihes egitea egotzita, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Mikel Landa Bahrain McLaren taldeko txirrindulari arabarra biktimetako bat izan da. Atxilotuak positibo eman du droga proban, Segurtasun Saileko iturriek ETBri baieztatu diotenez.

Gainera, atxilotuak AP-1 autobidean, Burgosen, ordu batzuk lehenago izandako istripu batekin zerikusia ote duen ikertzen ari dira. Beste ibilgailu batekin talka egin ostean ihes egin du Gasteizko noranzkoan.

Ezbeharra 13:15 aldera gertatu da. Bi txirrindulariak N-622 autobidetik zihoazen Zigoitian, Bilboko noranzkoan, konkretuki Gopegiko eta Letonako irteerak lotzen dituen tartean.

Renault Megane autoak bi kirolariak harrapatu ditu, eta abiadura handian tokitik ihes egin du ondoren. Lekukoek istripuaren berri eman diete larrialdi zerbitzuei. Ondoren, osasun-langileak bertaratu dira, bi biktimak artatzeko.

Ezbeharraren tokian bertan artatu ondoren, 30 eta 42 urteko txirrindulariak Santiago ospitalera eraman ditu anbulantzia batek. Bestalde, Ertzaintza ihes egin duen ibilgailua bilatzen hasi da. Gutxi geroago autoa aurkitu dute, AP-68 autobideko bidesaritik gertu, Altuben.

Landa: "Datozen egunetan entrenamenduetara itzultzea espero dut"

Gidaria eta haren laguna identifikatu dituzte ertzainek. Atzerako ispiluak kalteak zituela egiaztatu eta istripuaren tokian aurkitutako puskekin alderatu dute. Ondoren, gidaria atxilotu dute.

42 urteko gizonari bide segurtasunaren aurkako delitua leporatu diote. Atxilotuak AP-1 autobidean, Burgosen, ordu batzuk lehenago izandako istripu batekin zerikusia ote duen ikertzen ari da Ertzaintza. Beste ibilgailu batekin talka egin ostean ihes egin du Gasteizko noranzkoan.

Landak istripuaren berri eman du sare sozialen bidez. "Goizean, lagun batekin entrenatzen ari nintzela, auto batek atzetik jo digu eta ihes egin du ondoren", azaldu du kirolari profesionalak.

"Datozen egunetan entrenamenduetara itzultzea espero dut", azaldu du Landak. Txirrindulari profesionalak ez du zauri larririk.

Albisteak (2)