EHIZA
Ehizaren kontrako manifestazioak egin dituzte Donostian eta Iruñean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Manifestariek uste dute ehizak "Erdi Aroko oinarriak eta ereduak" dituela, eta "milurteko hasiera honetan" jada ez litzatekeela gauzatu behar.
Ehizaren aurkako 39 manifestazio egin dituzte Estatu espainiarrean igande honetan, Ehizarik Ez plataformak (NAC) deituta. Euskal Herrian bi hitzordu izan dira: bata Donostian eta bestea Iruñean.
Gipuzkoako hiribiruan ehun bat pertsona elkartu dira ehizaren kontra manifestatzeko. Antolatzaileen ustez, ehizak "Erdi Aroko oinarri eta ereduak" ditu; hori dela eta, "milurteko hasiera honetan" jada ez litzatekeela jarduera hori existitu behar adierazi dute.
"Beste urte batez, otsaileko lehen igandean kalera atera gara, galgoz lagunduta egindako ehiza-denboraldiaren amaieran", adierazi du Laura Morejon NACeko Donostiako koordinatzaileak.
Manifestari askok abandonatuak eta gerora adoptatuak izan diren galgoekin egin dute ibilbidea, Alderdi Ederretik Okendo plazaraino. "Galgoak zein beste arraza batzuk ez ehizatu" adierazten zuten pankartak erakutsi dituzte, eta beste hainbat lelo ere erabili izan dituzte: "Stop galgueros", "Hiltzea maltzurra da!" eta "Animaliak ez dira gure jabetzakoak", besteak beste.
Gipuzkoako beste elkarte animalista batzuek ere bat egin dute manifestazioarekin, eta urtero 50.000 galgo inguru "baztertzen" dituztela salatu dute. "Horietako askok ez dute ehizarako balio, motelak direlako, nahi dituzten ezaugarriak ez dituztelako, edo, besterik gabe, zaharregiak direlako. Horregatik, NACek animalien babeserako lege bat sortzea aldarrikatzen du", gaineratu dute.
Iruñean ere egin dute protesta Ehizarik Ez plataformako kideek, Udaletxearen atarian. Ehizak gizartean duen "onarpen maila geroz eta txikiagoa" dela salatu dute, eta erakundeei jarduera hori debekatzeko neurriak eskatu dizkiete.
Estatu espainiarreko datuen arabera, 2019an 30 milioi animalia hil zituzten ehiztariek, eta mendietan 300 milioi kartutxo utzi zituzten. Gaurko protestan esan dutenez, gainera, tiroa egiterakoan jaurtitzen den beruna oso kutsagarria da ingurugiroarentzat.
Tratu txarrak pairatzen edo abandonatzen dituzten animalien % 40 baino gehiago ehiza-txakurrak direla ere azpimarratu dute.