Itxi

LUR-JAUSIA

09:00etan ekingo diote berriro Zaldibarko zabortegiko bi desagertuak bilatzeari

EITB.EUS

Leer en Castellano

Zabortegiko goialdean piztutako sutea bizitu egin da astelehen goizaldean. Gainera, mobilizazio "zaratatsuak" deitu dituzte arratsalderako, Zaldibarren, Ermuan eta Eibarren.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Astelehen honetako 09:00ak aldera ekingo diote berriro Zaldibarko zabortegian desagertuta dauden bi lagunak bilatzeari. Bitartean, zabortegiko goialdean piztuta dauden sutea bizitu egin da goizaldean.

Osteguneko luiziaren ostean, igande arratsaldean hasi ziren berriro bi desagertuak bilatzen, hondeamakinak erabiliz. Makina horiek baliatuz, asmoa zen lurraldean gehiago sakontzea, nahiz eta etengabe izan diren egonkortasunari adi. Astelehen honetan, mugatutako gune batean lan egingo dute; izan ere, ustea da langileak gune horretan izan daitezkeela.

Orain arte, ia eskuz lan egin izan dute beharginak, desagertuak topatzen saiatzeko; azaleko lanak egin izan dituzte, beste luiziren bat saihestea helburu. Suhiltzaileek eta ertzainek jantzi bereziak, maskarak eta eskularruak erabili dituzte, lur-jausiko industriako hondakinen artean amiantoa baitzegoen.

Hondeamakinen lana igandeko 18:00ak aldera eten egin zuten. Une hartan, suhiltzaileek "mugatuta eta kontrolpean" zuten zabortegiko goialdeko sutea; Kantabriako Larrialdiei eskatutako helikoptero batek 21 ur-deskarga egin zituen. Nolanahi ere, goizaldean, garrak berriro ere bizitu egin dira.

Ostegunean, milioi erdi metro kubiko industriako hondakin baino gehiago amildu ziren mendi-hegaletik, eta horrek Verter Recycling 2002 enpresako bi langile harrapatu zituen. Halaber, AP-8 autobidea hainbat orduz izan zen itxita, bi norabideetan, bai eta N-634 errepidea, Zaldibar parean.

Horrez gain, astelehenerako, protestak deitu dituzte. "Zaldibar Argitu. Langileak, osasuna eta erantzukizunak orain!" lelopean, mobilizazio "zaratatsuak" izango dira, 19:30ean, Zaldibarren, Ermuan eta Eibarren. Eibarko protesta Untzaga plazatik abiatuko da, Zaldibarrekoa Udaletxeko plazan hasiko da eta Ermukoa herriko plazatik.

Lau orduko txandak

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, amiantoa bezalako hondakinak kentzeko lanei ere ekingo diete gaur, lau orduko txandetan. Elena Moreno Ingurumen sailburuordeak adierazi duenez, inguruko zabortegien edukiera gaitasuna egiaztatuko dute eta, behar izanez gero, kanpora eramango lituzkete hondakinak. "Hondakinak ateratzen hastean, eta segurtasun neurri guztiak tarteko, baimendutako zabortegiekin nahikoa izango delakoan gaude", ondorioztatu du.

Morenok azpimarratu duenez, zabortegiaren inguruko neurketak bere horretan mantentzen dira eta, momentuz, airearen eta uraren kalitatea ona da bai Zaldibarren, bai Eibarren eta Ermuan ere.

Egoera aztertu eta aurrera begirako erabakiak hartzeko, Zaldibarko Udalean bilera egin zuten igandean, Jaurlaritzako larrialdietarako lan-taldeak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta udal agintariek, eta bilaketa lanen bigarren fase bat abian jartzea erabaki dute zuten bertan, lehenengoak emaitzarik ez duela eman ikusita.

Batzarra amaitutakoan, Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordeak hitz egin zuen hedabideen aurrean, hartutako neurrien berri emateko. Horrek jakinarazi zuenez, hondeamakinekin hasiko dira desagertutako langileen bila zabortegitik behera etorritako lurretan, eta toki jakin batean egingo dute bilaketa. Hau da, luizia izan zenean langileak non egon zitezkeen kontuan hartuta, eremu jakin bat zehaztu dute.

"Makinekin sartuko gara luizia izan den tokian, hondeaketa sakonagoak egiteko, betiere, erreskate lanetan ari direnen segurtasuna bermatuz", gaineratu du. Mendi-hegalaren ezegonkortasuna handia dela, eta "inguruaren segurtasuna" ere ez dutela arriskuan jarriko esan du.

Makinak dagoeneko lur-jausiaren tokian ote dauden ez du zehaztu, baina gaur goizean bertan bigarren fasea martxan jarri dutela esan du. "Horretan ari gara. Gaur goizean bertan bilaketa eremua zehaztu dugu, makinak non sartu jakiteko",  gaineratu du.

Bigarren bilaketa aldi honek emaitzarik emango ez balu, hirugarrena jarriko lukete abian: lurra egonkortzea eta hustuketa lana egitea izango lirateke fase horren helburuak. Hilabeteak beharko lituzkete horretarako.

Ostiral arratsaldean zabortegiaren gainaldean piztu zen suteari buruz, berriz, Zubiagak esan du kontrolpean dutela, baina "erabat itzaltzea ezinezkoa" dela. Kantabriatik hidro-hegazkin bat eraman dute eguerdian sutearen lekura, "itzaltzen laguntzeko".

Ostiral goizean ere, etenda egon ziren lanak, amiantoa aurkitu zutelako behera etorritako lurretan. 

Senitartekoak eta bizilagunak, haserre

Hondakindegiaren inguruko airearen kutsadura maila "parametro normaletan" dagoela ziurtatu zuen atzo Eusko Jaurlaritzak ohar bidez, baina horrek ez ditu lasaitu herritarrak, eta Eitzaga auzoko bizilagunek batzarra deitu dute gaur eguerdirako, egoera aztertu eta aurrera begirako urratsak erabakitzeko. Bilera irekia izan da, eta hainbat talde ekologistetako ordezkariek parte hartu dute. Oso kezkatuta daude zabortegiaren inguruan bizi diren herritarrak, luiziaren ondoren zabaltzen ari diren informazioekin.

Kezkatuta, minduta eta haserre agertu dira, baita ere, desagertuta dauden langileetako baten etxekoak, ETBri eskainitako elkarrizketa batean. Eusko Jaurlaritzak ez diela informaziorik helarazi salatu dute, eta gorpuak bilatzeko ahalegin guztia egin dezatela eskatu diete agintariei.

Albisteak (3)

Bideoak (8)