Zaldibarko luizia
Epaile batek eginbideak abiatu ditu zabortegiaren jabe den enpresaren aurka
Agentziak | Erredakzioa
Ingurugiro eta lan arloko ustezko delituak egotzita abiatu dituzte aurretiazko eginbideok, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak iragarri duenez.
Instrukzio epaile batek Verter Recycling 2002 SL enpresaren kontrako "aurretiazko eginbideak" abiatu ditu gaur, ingurugiro eta lan arloko ustezko delituak egotzita. Ostegunean behera etorri zen Zaldibarko zabortegiaren (Bizkaia) jabea da Verter Recycling.
Albistea Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eman du, Gobernu Bileraren ondotik egin ohi duen prentsaurrekoan. Ez du beste xehetasunik eman.
Nolanahi ere, aurreratu du "ziurrena" Jaurlaritza auzian pertsonatuko dela "alegazio asko" dituelako egiteko eta enpresari erantzukizunak eskatu behar zaizkiola uste duelako.
Erkorekaren hitzetan, "enpresak bere erantzukizuna du lan istripu bat izan delako, istripu larria, eta bestetik, ingurugiro arloan. Bi kontuetan baieztatu behar da enpresaren jarrera askoz hobea izan zitekeela".
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak Verter Recycling 2002 enpresari gaur bidali dion errekerimendua ere hizpide izan du Erkorekak. Iñaki Arriola buru duen Sailak zazpi eguneko epea eman dio enpresari jarduera-plan bat aurkez dezan.
Bozeramaileak azaldu duenez, planak "egindako kaltea identifikatu, eta zenbaterainokoa den azaldu beharko du. Horrez gain, albait arinen ingurumena zaintzeko plan bat ere aurkeztu beharko du".
"Enpresak legezko eskakizun horiek egoki betetzen ez baditu, legeak aurreikusitako neurri eta isun hertsatzaileak nahitaez betearaziko zaizkio", ohartarazi du Erkorekak.
Are, enpresak errekerimendua beteko ez balu, EAEko administrazioak betearazpen subsidiarioa gauzatuko lukeela azaldu du Jaurlaritzako eledunak. Hau da, administrazioak berak egingo lituzke lanak, baina enpresak ordainduta.