Luizia Zaldibarren
"Dioxinak zeudenaren susmoa izan bagenu, neurriak lehenago hartuko genituen"
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eibar, Ermua eta Zaldibarko bizilagunei emandako gomendioak bereziki umeei eta haurdunei zuzenduak direla azaldu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, dioxina maila altuak neurtu ondoren.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Eibar, Ermua eta Zaldibarko bizilagunei emandako gomendioak bereziki kolektibo "ahulenei" (ume eta haurdun) zuzenduak direla azaldu du Iñaki Berraondo Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordeak. Etxebizitzak ez aireztatzea eta etxeko leihoak ahalik eta denbora gehien itxita mantentzea, eta aire librean ariketa fisikoa murriztea eskatu du Jaurlaritzak, airean furano eta dioxina maila altuak neurtu ondoren, ohikoa baino 40-50 aldiz handiagoak.
"Ez dugu maskaren erabilera gomendatzen. Txinan erabiltzen ari diren antzekoek ez lukete zentzurik, ez dute ezer konpontzen. Arriskuarekiko esposizioa saihestea gomendatzen dugu, kalean normaltasunez ibiltzea, baina ariketarik egin gabe, eta etxebizitzak ez aireztatzea", erantsi du.
Luizia gertatu ondoren, otsailaren 6an, gauean zabortegiaren goialdean piztu ziren suteek kea eta dioxina eta furano kutsadura eragin dute. Laginak otsailaren 9an hartu zituzten, eta emaitzen berri atzo eman zuten, premiazko agerraldi batean.
"Dioxinak antzemateko azterketek bost egun behar izan dituzte, airea Madrilgo laborategi batean aztertu dutelako. Metodoak lau egun behar ditu, eta horregatik emaitzak jasotzeko atzerapena. Ondorengo bi egunetako laginak ere laborategi berdinera bidali dituzte, eta emaitzak ostegunean jasoko dituzte", azaldu du Txus Peña mahai teknikoko koordinatzaileak.
"Dioxina maila hauek topatu behar genituela pentsatu izan bagenu, neurriak lehenago hartuko genituen, noski", azpimarratu du Peñak.
Berraondok zehaztu duenez, dioxinekiko esposizio arriskua "baxua da. Arriskua larria izateko, esposizio luzea beharrezkoa da".
"Herritarrek kiratsa antzeman dute, baina horrek ez du arriskurik. Eragozpena baino ez da. Neurtutako mailekin ez dugu sintomatologia edo gaixotasun zehatzik espero. Epe luzera arrisku faktorea da. Sutea hor dago, ez dute oraindik itzali, horregatik gomendioa", errepikatu du.
"Kalean egoteak ez du arrisku handirik suposatzen. Arriskua kutsadura gorputzean pilatzea da", adierazi du. Gomendioa biztanleria osoari eman diogu, baina, "beti bezala, kolektibo ahulenak umeak eta haurdunak dira".