Itxi

ZALDIBARKO LUIZIA

Zaldibarko sutea gaur-biharretan itzali dezakete

EITB.EUS

Leer en Castellano

Sutearen goialdeko gunera sartu dira gaur hondeamakinak, horretarako bideak egokitu ondoren. Atzo hasi ziren sutera lurra botatzen, Arriola sailburuaren arabera, fokuetako bat itzali dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Zaldibarko luizian piztutako sutea gaur-biharretan itzaltzea aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak, EiTBri baieztatu dionez. Atzo sartu ziren hondeamakinak sutearen beheko eta erdialdeko guneetara, eta lurra botatzen hasi ziren. Gaur, goialdeko fokua dagoen lekura sartzen ahaleginduko dira.

Iñaki Arriola Ingurugiro, Lurralde Antolakuntza eta Etxebizitza sailburuak, gazteleraz bakarrik egin dituen adierazpenetan, jakinarazi du sutearen fokuetako bat itzaltzea lortu dutela, jada, eta "laster" dena itzalita egotea espero duela gaineratu du.

Otsailaren 6an etorri zen behera hondakindegia, eta ordutik, bi langile daude desagertuta. Horiek bilatzeko lanak, hainbat aldiz etenda egon dira, amiantoa aurkitu zutelako aurrena, eta lurraren ezegonkortasunarengatik ondoren. Azken orduotan, eremu jakin bat zehaztu dute, luizia izan zenean langileak non egon zitezkeen kontuan hartuta, eta toki horretan ari dira bilaketa egiten.

Zabortegian piztutako suteen ondorioz, dioxina eta furano ezohiko maila altuak neurtu dituzte, hirigune batean normala baino 40 aldiz gehiago. Erretako plastikoek eragiten dituzten substantziak dira. Ez dira kaltegarriak, baina bai luzez arnasten badira. Hori dela eta, ostiral arratsaldean, Osasun Sailak bi gomendio eman zizkien Zaldibarko, Ermuko eta Eibarreko bizilagunei: aire librean ariketa fisikorik ez egin eta etxeak ez aireztatzea. 

Iñaki Berraondo Osasun sailburuordeak prentsaurrekoan esan zuenez, neurri "prebentiboak eta bermatzaileak" dira. Partikula toxikoek epe luzera minbizia eragin dezakete gorputzean pilatzen badira. Plastikoak eta kloroa erretzen direnean sortzen dira partikulak.

Herritarrak, haserre

Kezkatuta eta haserre daude zabortegiaren inguruko herritarrak, eta Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa salatu dute. Atzo, milaka lagun atera ziren kalera Eibarren, Zaldibarren eta Ermuan, 'Zaldibar argitu orain' lelopean. Ezer baino lehen, lur-jausia izan zenetik desagertuta dauden bi langileen bilaketa lehenesteko eskatu zuten herritarrek,  eta gertatua argitzeko eta erantzukizunak zehazteko eskatu zioten Jaurlaritzari.

Hiru herri horietako biztanleei, inguruko zein Bizkaiko eta Gipuzkoako beste hainbat herritar elkartu zitzaizkien protestan. Sirena eta txistu hots ugari entzun ziren ibilbidean zehar, baita "Arriola dimisioa" gisako leloak. Manifestari askok maskarilak jantzita egin zuren ibilbidea.

Albisteak (4)

Bideoak (2)