ZALDIBARKO LUIZIA
Zaldibarko sutea itzaltzeko lanek aurrera egin dute "nabarmen"
EITB.EUS
Eusko Jaurlaritzak herritarrei emandako aholkuei eutsi die dioxinei eta furanoei buruzko emaitza berrien txostena izan arte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Zaldibarko zabortegian, luiziaren ondoren, piztu zen sutea itzaltzeko lanek aurrera egin dute "nabarmen", eta aste honetan bertan "zati handiena" itzaltzea lortzea espero dute. Bien bitartean, Eusko Jaurlaritzak herritarrei emandako aholkuei eutsi die dioxinei eta furanoei buruzko emaitza berrien txostena izan arte.
Lur-jausiaren nondik norakoak jarraitzeko Mahai Teknikoak bilera egin du Zaldibarko udaletxean, eta bertan izan dira Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Aldundia, besteak beste, eta orain arte egindako lanei buruzko informazioa eman dute.
Iñaki Berraondo Osasun sailburuordeak, Ekaitz Beitia Bycam enpresako zuzendariak, Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordeak, Ernesto Martinez de Cabrero URAren zuzendariak, Pedro Luis Uizaga Bizkaiko Foru Aldundiko Larrialdietako zuzendariak, Jesus Peña Presidentzia idazkari nagusiak eta Zaldibarko eta Mallabiko alkateek prentsaurrekoa eman dute batzarraren ostean.
Bertan, Peñak esan du sua itzaltzeko lanek "nabarmen" egin dutela aurrera, "kezka handiena sortzen zuten eremuetan batik bat". "Horrek eragina du errekuntza puntuetan, eta baita airearen kalitatea neurtzerakoan ere", azaldu du.
Oraingoz, airearen kalitatearen inguruan ez da aldaketarik izango, furanoei eta dioxinei buruzko datuak ostegunean jakingo direlako, CSICek bart jasotako laginen emaitzak bidaltzen dituenean. Ingurugiro eta Osasun sailek orduan hartuko dituzte erabakiak, eta ordura arte herritarrei emandako aholkuei eutsiko diete.
Sutea
Ernesto Martinez de Cabrero URAren zuzendariak esan du zabortegiaren goialdean piztutako sua "ezegonkorra den leku zail batean" dagoela, baina "lan egiteko plataformak eta gainazalak eraikitzen" ari direla.
Larunbat honetan lehenengo su puntuak itzaltzeaz gain, beheko partean zegoena tartean, mendoitza egonkortu omen dute.
Gaur, pista bat eraiki ostean, goialdeko suaren aurkako lanean hasi dira. "Aste honetan bertan gehiena itzaltzea espero dugu. Bihar aurrerapauso handia emango dugula uste dugu. Gaur arratsaldean eta bihar", adierazi du.
Hala ere, su arrasto batzuk geratzeko eta horiek berriro indarra hartzeko arriskua ere badagoela onartu du.
Lurperatutako langileak
Bien bitartean, lurpean geratu ziren langileak bilatzeko lanean jarraitzen dute, bereziki desagertu zirenean "zeuden lekuan, lehentasun eremu gisa", eta "luizia kontuan izanda".
Enpresaren protokoloa jarraitzen eta Ertzaintzaren eta Larrialdi zerbitzuen gainbegiradapean egiten ari dira lan, eta langileak aurkitzeko "aukera gutxiagoko" guneetan ere ari dira. Aurreratu dutenez, bilaketa lanengatik kentzen ari diren lur eta hondakinak harrobi ohian utziko dituzte "behin behinean".
Informazio gehiago
Erakundeek erabaki dute informazio gehiago emango dutela egiten ari diren kontrol edo lanen inguruan, eta jarraipen mahaiak hedabideei jakinaraziko die teknikariek ematen dieten informazio guztia.
Hori horrela, astearte honetan Neiker elikadura kalitateari buruzko laborategiko eta Elika Elikadura Kalitateko fundazioko ordezkariek agerraldia egingo dute, inguruko baserrietan azterketak egin ostean. Gero, CSICen ikertzaileak hitz egingo du, airearen kalitateari buruzko laginak aztertzen dituen laborategikoak, hain zuzen ere.
Asteazkenean, bi langileak bilatzen ari direnek azalpen "zehatzak" emango dituzte "bilaketa protokoloaz".
Ostegunean, berriz, segurtasuna eta lurraren monitorizazioa izango dira jorratuko dituzten gaiak. Egun horretan jakinaraziko dituzte dioxinei eta furanoei buruzko datuak, eta hurrengo egunean sakonago aztertuta emango dituzte.
Furanoen eta dioxinen eraginpean egoteak "epe laburrera eta luzera" ez dio osasunari eragiten
Testuinguru horretan, eta larunbatean Eibar, Ermua, Zaldibar eta Elgetan kalera atera ziren milaka pertsonen beldurra ikusita, Osasun Saileko Osasun Publiko Laborategiko eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren Aire Zerbitzuko arduradunek furanoen eta dioxinen eraginpean egoteak "epe laburrera eta luzera" ez diola osasunari eragiten ziurtatu dute. Saioa Ferro Aire Zerbitzuko arduradunak eta Joseba Bidaurrazaga Osasun Publikoko zuzendariordeak onartu dutenez, ingurumenaren egoera "baliteke hasiera batean ongi azaldu ez izana", kutsatzaile guztien inguruko daturik ez zutelako.
Larunbatean, milaka lagun atera ziren kalera Eibarren, Zaldibarren eta Ermuan, 'Zaldibar argitu orain' lelopean. Ezer baino lehen, lur-jausia izan zenetik desagertuta dauden bi langileak bilatzeko lanak lehenesteko eskatu zuten herritarrek, eta gertatutakoa argitzeko eta erantzukizunak zehazteko eskatu zioten Jaurlaritzari.
Bilera irekia, gaur, Ermuan
Halaber, bilera ireki batean, krisiaren inguruko azken ordukoaren berri emango die gaur arlo askotako batzorde tekniko batek Ermuko bizilagunei, 19:00etan, Ermua Antzokian.
Udalak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzako eta Osasun eta Ingurumen sailetako ordezkariek, Uraren Euskal Agentziako kideek, Gipuzkoako Ur Partzuergoko ordezkariek eta Ermuko Udaleko ordezkariek hartuko dute parte topaketa horretan.