Zaldibarko luizia
Hondakin industrialak beste erkidego batzuetara eraman nahi ditu Eusko Jaurlaritzak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Elena Moreno Ingurumen sailburuordeak aitortu du Euskal Autonomia Erkidegoak ez duela ahalmenik zabor guztia bere gain hartzeko. Hortaz, premiazkotzat jo du irtenbidea datozen egunetan ematea.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Eusko Jaurlaritzak beste erkidego batzuetara eraman nahi ditu orain arte Zaldibarko zabortegian pilatzen ziren hondakin industrialak; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoak ez du gaitasunik hondakin horiek guztiak bere gain hartzeko.
Elena Moreno Ingurumen sailburuordea Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zabortegietako arduradunekin eta hondakinak Zaldibarrera eramaten zituzten enpresetako ordezkariekin bildu da gaur goizean, Gasteizen.
Zaldibarreko zabortegian 500.000 tona hondakin industrial pilatzen ziren urtean, baina EAEko zabortegietan ez dago leku nahikorik zabor hori guztia hartzeko.
Morenok aitortu du egoera "larria" dela, eta jakinarazi du dagoeneko beste autonomia batzuetako agintariekin harremanetan jarri direla, EAEko enpresek sortutako "eta arriskutsuak ez diren hondakinak" erkidego horietara eramateko aukeraz hitz egiteko.
Gaurko batzarrean EAEko zabortegietako arduradunek jarrera positiboa erakutsi dutela adierazi du, baina erantsi du Zaldibarko luiziak eragindako egoera "oso konplexua" dela eta "urduritasun eta presio handia" dagoela.
Horrez gain, oraingoz euskal enpresak normaltasunez jarduten ari direla esan du, besteak beste, horietako askok hondakinak aldi batean gordetzeko instalazio propioak dauzkatelako.
Nolanahi ere, premiazkotzat jo du arazo honi irtenbidea datozen egunetan ematea.
Bestalde, Zaldibarko zabortegitik ateratzen ari diren hondakinak behin-behienean pilatzeko handik hurbil dagoen lursail batean zelda bat eraikitzen ari direla jakinarazi du Ingurumen sailburuordeak.
Bien bitartean, lurpean desagertuta dauden bi langileak bilatzeko lanetan jarraitzen dute zabortegian.