Zaldibarko luizia
Hondakin industrialak Zubietako erraustegira eramatea aztertuko du GHK-k
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Zaldibarko zabortegiko lur-jausiaren ondotik eta Mutiloakoa laster itxiko dutela kontuan hartuta, arriskutsuak ez diren hondakin industrialak Bergarako zabortegira eraman beharko dituzte nahitaez.
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa hondakin industrialak Zubietako erraustegira eramatea aztertzen ari da. Zaldibarko zabortegiko istripuak sortutako egoerak eta Mutiloakoa laster itxiko dutela kontuan hartuta, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sortzen diren hondakin industrial ez-arriskutsuak Bergarako Epele zabortegira eramatea da aukera bakarra.
Zubietako erraustegian etxean sortutako zakarra erretzeko asmoz eraiki zuten, baina Zaldibarko lur-jausiak eragin duten egoeraren ondorioz, azpiegitura horretara arriskutsuak ez diren hondakin industrialak eramatea pentsatzen ari da GHK. Hala erabaki dute Jose Ignacio Asensio GHK-ko presidenteak eta Gipuzkoako mankomunitateetako presidenteek asteazken honetan egin duten bileran.
GHKren arabera, tamaina handiko hondakinak, nekazaritza edo abeltzaintza jatorrikoak edota garbiguneetara eraman ohi direnak, zabortegi industrialetan uzten ziren, baina posible litzateke Zubietako erraustegian edo Epeleko zabortegian kudeatzea.
Gaur Eusko Jaurlaritzak onartu du Euskal Autonomia Erkidegoak ez duela ahalmenik sortzen den hondakin industrial guztia pilatzeko eta jakinarazi du beste erkidego batzuetako agintariekin harremanetan jarri dela, zaborra autonomia horietara eramateko aukera aztertzeko asmoz.