Itxi

Zaldibarko luizia

Zaldibarko zabortegian luizi gehiago izateko arriskurik ez dagoela uste dute adituek

eitb.eus

Luizia gertatu zenetik gaur arte, "logikoak diren berregokitze txikiak" baino ez dira jazo toki jakin batzuetan.

Zaldibarren desagertutako langileak egon daitezkeen inguruan bilatzen hasi dira. Argazkia: EFE

Andoni Alkorta Interbiak foru elkarteko geologoak ostegun honetan ziurtatu duenez, une honetan ez dago Zaldibarko (Bizkaia) zabortegian luizi gehiago izateko arriskurik. Izan ere, monitorizazio sistema batek lursaila uneoro kontrolatzen du, eta egunotan ez dute inolako aldaketa aipagarririk atzeman inguruan.

"Gutxieneko arriskua egongo balitz, berehala jasoko genuke abisua", esan du Alkortak, zabortegiaren inguruko egoerari buruzko koordinazio eta jarraipen mahai teknikoaren eguneroko bileraren ostean hedabideen aurrean egindako agerraldian. Bitartean, zabortegira sartzeko errepidetik gertu desagertutako bi langileak bilatzen ari dira. Izan ere, luizia izan zen unean langileak bertan zeudela uste dute adituek. Dena dela, erreskate taldeek ez dituzte beste eremu batzuk baztertzen.

Alkortak azaldu duenez, otsailaren 6an luizia jazo zenetik, inguruan "ez da mugimendu esanguratsurik izan", egoera horretan "logikoak diren berregokitze txikiak baino ez" toki jakin batzuetan.

"Lursailean izandako birdoitze txiki horiek ez dute inguruan lanean ari diren erreskate taldeko langileak arriskuan jarri, ezta luizi gehiago izateko aukera eragin ere”, azpimarratu du Alkortak.

Jesus Peña Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako idazkari nagusia ere agerraldi horretan izan da, eta gaur arratsaldean ostiralean hartutako aire-laginen emaitzak jakingo direla azaldu du. Gauzak horrela, leihoak ez irekitzeko eta kalean kirolik ez egiteko eman zituzten gomendioak indarrean daudela gogora ekarri du. Izan ere, zabortegian izandako suteek airean osasunarentzat kaltegarriak izan daitezkeen furano eta dioxina mailak ohikoak baino handiagoak izatea eragin dute zabortegitik gertuen dauden hiru udalerrietan: Zaldibarren, Ermuan eta Eibarren.

Peñak gogorarazi duenez, sutearen foku nagusiak asteartean itzali zituzten, azken laginak jaso eta lau egunera, eta, horrenbestez, datu positiboak espero dira gaur jakingo diren airearen kalitateari buruzko neurketen emaitzetan.

Eusko Jaurlaritzak beste erkidego batzuetara eraman nahi ditu orain arte Zaldibarko zabortegian pilatzen ziren hondakinak; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoak ez du gaitasunik horiek guztiak bere gain hartzeko.

Albisteak (7)