Zaldibarko luizia
Zaldibarko hondakinak ez direla "onargarriak" Epelen adierazi du Debagoienak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"Zabortegia itxita dago 2018tik, eta Debagoienako eraikuntza eta hondakin industrialak uzteko sortu zen", ohartarazi du Debagoienako Mankomunitateak.
Bergarako (Gipuzkoa) Epele zabortegian "ez dago hondakin arriskutsuak jasotzeko aukerarik", ziurtatu du Debagoienako Mankomunitateak. Hortaz, Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiko hondakinak "ez dira onargarriak" instalazio horietan.
Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak eta GHK enpresako presidenteak Zaldibarko luiziak eragindako egoera aztertu zuen atzo lurraldeko gainerako zortzi mankomunitateetako presidenteekin, baita Mutiloako (Gipuzkoa) zabortegiaren itxiera ere.
Bi erabakien ondorioz, laster Epele izango da hondakin ez arriskutsuak uzteko "aukera bakarra", horiek beste lurralde edo autonomietara eraman ezean.
Hala ere, "zabortegia itxita dago 2018tik, eta Debagoienako eraikuntza eta hondakin industrialak uzteko sortu zen", ohartarazi du Debagoienako Mankomunitateak.
"Hori dela eta, ez dago hondakin arriskutsuak jasotzeko aukerarik, ezta amiantoa ere", adierazi dute ohar batean. Ondorioz, Zaldibarko zabortegiko hondakinak "onargarriak" izatea ezinezkoa dela ohartarazi dute.
Haien arabera, "argi dugu, eta honakoa erakutsi digu Zaldibarko hondamendiak: hondakinen kudeaketa publikoa, gardena eta segurtasun neurriduna izan behar dela, hau da, Epeleko zabortegiak jardun duen bezala irekita egon denean".
"Debagoienako Mankomunitateak ez du Epele irekitzeko eskakizun ofizialik jaso Aldundiaren edo Jaurlaritzaren aldetik", nabarmentzen du oharrak. Horren arabera, eskakizun zehatzik egonez gero, erakunde horren barruan aztertuko da.