Zaldibarko luizia
Jaurlaritzak Fiskaltzaren aurrean salatu du Verter Recycling
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lur-jausia gertatu baino bi egun lehenago jakin zuen enpresak zabortegian arrakalak agertu zirela. Hala ere, jarduerarekin jarraitu zuen. Bi langile hondakin toxikoen azpian desagertuta daude.
Verter Recycling enpresak otsailaren 4an jakin zuen Zaldibarko zabortegian arrakalak agertu zirela. Hala ere, jarduerarekin jarraitzea erabaki zuen. Bi egun geroago lur-jausia izan zen eta, harrezkero, bi langile hondakin toxiko artean desagertuta daude.
Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak kasua Fiskaltzaren esku utzi duela jakinarazi du arratsalde honetan. Halaber, enpresa horren kontrako bigarren espediente zigortzailea ireki duela zehaztu du.
Lehendabiziko espedientea duela egun batzuk aurkeztu zuten, joan den udan Lan Ikuskaritzak zabortegian antzeman zituen ustezko irregulartasunen harira.
Luiziaren ondotik hainbat dokumentu eskatu zizkion Ingurumen Sailak Verter Recylcingi eta horiek aztertu ostean erabaki du bigarren espedientea irekitzea eta informazio guztia Fiskaltzaren esku uztea. Lur-jausiaren ondorioz, bi langile desagertuta daude, osagai kutsakorrak zabaldu dira eta inguruko herritarren artean kezka eta ezinegona nagusitu da.
Ingurumen Sailak Fiskaltzari helarazitako testuan dio, zabortegian arrakalak antzeman zituzten arren, normaltasunez jarraitu zutela lanean "otsailaren 4an, 5ean, baitan luiziaren egunean ere". Horrez gain, Administrazio ohartarazi ez zuela eta, beraz, legea urratu zuela azpimarratu du.
Gauzak horrela, Ingurumen Sailak Verter Recyclingen aurka ireki duen bigarren zigor espedientea Fiskaltzaren esku uztea erabaki du, deliturik egin ote den iker dezan.
Halaber, informazio horren berri eman die Zaldibar, Ermua, Eibar eta Elgetako udalei eta Eusko Jaurlaritzako Osaun, Segurtasun eta Enplegu sailei.