Kontingentzia plana
Osakidetzak 600 ohe gehiago jarriko ditu ospitaleetan, koronabirusa dela eta
Agentziak | Erredakzioa
Behar izanez gero Gurutzetako, Donostiako eta Txagorritxuko ospitaleetan kontingentzia plana prestatu du Eusko Jaurlaritzak. Halaber, 'osasun aholku' zerbitzua indartu du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
EAEko Osasun Zerbitzuak kontingentzia plana abiatu du koronabisurari aurre egiteko, eta Gurutzetako, Donostiako eta Txagorritxuko ospitaleetan 600 ohe gehiago jartzea aurreikusi du. Hala ere, EAEn orain arte ez da baieztatu gaixotasun horren kasurik.
Hala jakinarazi du asteazken honetan Jose Maria Arteagoitia Osasun Saileko Zaintza eta Txerto buruak, Gasteizen emandako prentsaurrekoan, Nekane Murga Osasun sailburuarekin batera.
"Markak apurtuz gero 600 ohe gehiago izango genituzke", esan du Arteagoitiak. Hala ere, kontingentzia plan hori gripearen kanpainarekin urtero martxan jartzen dela azaldu du, gaixotasunaren intzidentzia handieneko balizko pikoak artatzeko.
Bestalde, Nekane Murga Osasun sailburuak onartu du birus horren kasuak gertatzeko aukerak areagotu egin direla Italian COVID-19 birusaren hedapenagatik, baina lasaitasun eta konfiantza mezua helarazi die herritarrei, Espainian kasuak "inportatuak" direlako eta herritarrentzat kutsatzeko arriskua "oso txikia" delako.
Murgak aitortu duenez, EAEn koronabirusaren kasu bakar bat ere baieztatu ez bada ere, "ez da baztertzen datozen egun edo asteetan halakorik egotea".
Hori dela eta, Osakidetzak 'osasun-aholkua' telefono bidezko zerbitzua indartu du, kutsatzeen inguruko zalantzak argitzeko, eta hainbat gomendio egin ditu Txinan, Hego Korean, Singapurren, Iranen eta Italiako iparraldean azken 14 egunetan egon diren eta arnas infekzioaren sintomak (eztula edo eztarriko mina, esaterako) dituzten pertsonei zuzenduta.
Pertsona horiei etxean geratzeko eta osasun agintariekin harremanetan jartzeko eskatu die Arteagoitiak, 112 edo Osakidetzako Osasun Kontseiluko 900203050 telefonoaren bidez.
Kasu horietan, ezarritako protokoloa aktibatzen da, komunitate zientifikoaren gomendioen arabera eguneratzen dena, pertsona horiek diagnostikatu eta isolatzeko eta gaixotasuna beste herritar batzuei eta osasun-profesionalei transmititzea saihesteko.
Susmagarriei dagozkien probak egingo zaizkie, eta, hala badagokio, koronabirusaren erreferentziazko ospitaleetara eramango dira: Gurutzetara (Bizkaia), Donostiara (Donostia) eta Txagorritxura (Gasteiz).
Sailburuak iragarri duenez, ostegun honetan Sail Arteko Mahai bat eratuko da, Iñigo Urkullu lehendakaria buru izango duena, birusaren aurkako jarduera-arloak koordinatzeko.
Birusaren inguruan gizartearentzat dagoen informazio guztia osasun etxeetan, ospitaleetan, Osasun Kontseiluaren bitartez eta Osakidetzaren webgunean eskuragarri dagoela esan du.
Arteagoitiak azaldu duenez, EAEn erreferentziazko hiru laborategi daude koronabirusaren laginak azkar aztertzeko; izan ere, hasierako emaitzak "4 edo 6 ordutan" egon daitezke eskuragarri. Lehen analisi hori positiboa bada, beste proba espezifikoago bat egiten da, "birusa genotipatzea" eskatzen duena eta denbora gehiago behar duena.
Bestalde, Enrique Peiro Osakidetzako Gaixotasun Infekziosoen Aholku Batzordeko presidenteak adierazi du gaur egun ez dagoela inolako murrizketarik koronabirus horren infekzio gehien izan diren lekuetara joateko, baina bidaiari horiei "zuhurtzia eta sen ona" eta, ahal den neurrian, joan-etorriak atzeratzea gomendatu die.
Osakidetzako arduradunek azpimarratu dutenez, kutsatzea saihesteko neurririk eraginkorrena eskuak maiz garbitzea, ahoa ukitzean edo doministiku egitean estaltzea eta botatzeko zapiak erabiltzea da.
Maskarak erabiltzeari dagokionez, Artegoitiak gomendatu du sintomak dituzten pertsonek batez ere osasun-zentro batean edo ospitale batean sartzen direnean erabiltzea, birusa osasun-sarean sar ez dadin.
Birus horrentzat tratamendu zehatzik ez dagoela berretsi du. Prebentzioa eta higienea dira neurri eraginkor bakarrak.
Koroabirusaren 11 kasu susmagarri baztertu dituzte
Txinan koronabirus bidezko lehen infekzioak hasi zirenetik, 13 kasu susmagarri artatu dituzte EAEn; horietatik 11k negatibo eman dute, eta 2 ikertzen ari dira; Osakidetzak, berriz, arriskuan dauden herrialdeetara bidaiatu duten sintomak dituzten herritarrei osasun arloko profesionalekin harremanetan jartzeko eskatu die.
13 kasu horietatik, lehenengo biak Txinan egondako pertsonei zegozkien, eta gainerakoak Italia iparraldeko eskualdeetatik etorritako bidaiariei.