Koronabirusa
Murga: "Askoz arrisku handiagoa dago gripeaz kutsatzeko, koronabirus bidez baino"
Agentziak | Erredakzioa
29 koronabirus kasu baztertu ditu Osakidetzak, eta oraindik ez da inor kutsatu EAEn.
Osakidetzako laborategiek dagoeneko baztertu egin dituzte gaixotasun hori detektatzeko probak egin zaizkien pertsonen artean egon zitezkeen 29 koronabirus kasu, eta, beraz, orain arte ez da patologia horrekin inor kutsatu EAEn. Nolanahi ere, une honetan, zenbait emaitza ezagutzeke daude.
Nekane Murga Osasun sailburuak eman du datu horren berri gaur, osteguna, Eusko Jaurlaritzak koronabirusa Euskadira zabaltzeko arriskuaren aurreran jarduerak koordinatzeko egin duen sailen arteko bileraren ostean.
Murgak, komunikabideei egindako adierazpenetan, "lasaitasunerako" deia berretsi du. Gainera, azaldu duenez, Euskal Osasun Zerbitzuko laborategiek 29 koronabirus kasu baztertu dituzte dagoeneko, arnasketan eragina zuten sintomak zituzten pertsonei egindako probetan.
Eskuak garbitu
Sailburuak gogorarazi du "askoz arrisku handiagoa" dagoela gripeaz kutsatzeko, koronabirus bidez baino. Berretsi du arnas patologia hori eta beste edozein ez kutsatzeko neurririk eraginkorrena eskuak garbitzea dela, eta maskarek ez dutela balizko kutsatzeen arazoa "konpontzen".
Era berean, arriskuko eremuren batean egon diren eta arnas gaixotasunaren sintomak dituzten pertsonak 900 20 30 50 telefonoarekin harremanetan jar daitezen gonbidatu ditu.
Egoki iritziz gero, telefono bidezko arreta-zerbitzua ematen duten osasun-profesionalek deitu duen pertsonaren etxera ekipo bat bidaliko dute, kutsatuta egon daitezkeela uste dutenei odol-laginak har ditzaieten.
Koarentena gomendatuta
Nekane Murgak azaldu duenez, arnas gaixotasunaren sintomak dituzten pertsonei baino ez zaizkie egiten azterketa horiek; izan ere, sintomarik gabeko gaixoen kasuetan, izan dezaketen karga birala baxuegia da probetan gaixotasuna antzeman ahal izateko. Nolanahi ere, arrisku eremuetatik datozen pertsonei euren etxeetan "koarentena" egiteko gomendatu die.
Ostegun honetan, Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan duen sailen arteko bileran, koronabirus bidezko munduko osasun-alertak sortutako egoera aztertu da, eta eskuragarri dauden tresna guztiak bateratu dira, EAEn kasuak ager daitezkeela ikusita.
Kontingentzia-plana
Osakidetzak kontingentzia-plan bat prestatu du dagoeneko, eta, bertan, Gurutzetako, Donostiako eta Txagorritxuko ospitaleetan 600 ohe gehiago jartzea aurreikusi du, hala behar izanez gero.
Gainera, Osakidetzak 'Osasun aholkurako' telefono zerbitzua indartu du, kutsatzeen inguruko zalantzak argitzeko. Euskal Osasun Zerbitzuak gogorarazi du ez dagoela inolako murrizketarik ezarrita bidaiatzeko, baina "zuhurtziaz eta zentzuz" jokatzea gomendatu du, eta arriskuko lekuetara joatea saihestea, behar-beharrezkoak ez izatekotan.