Itxi

Koronabirusa

Dagoeneko 20 dira koronabirus kasuak Euskal Herrian, eta bi larri daude

EITB.EUS

Leer en Castellano

Gainera, 250 pertsona isolatuta daude etxean, zaintzapean, eta horietako 100 inguru osasun arloko langileak dira.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Guztira, Euskal Herrian 20 koronabirus kasu zenbatu dituzte orain arte, eta horietako bi larri daude. Pirinio Atlantikoetako Prefekturak baieztatu duenez, Ipar Euskal Herrian lehen koronabirus kasua atzeman dute. Baionan bizi den 34 urteko gizonezko bat da kutsatutakoa. Italian egon berri da, eta handik bueltan izan ditu lehen sintomak. Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) beste lau gaixo zenbatu dituzte: hiru Araban eta bat Bizkaian.

Prefekturak kaleratutako oharraren arabera, kutsatzea bart baieztatu dute. Berehala, COVID-19aren agerraldiari aurre egiteko protokoloa jarri zuten martxan, eta pertsona horrekin harremanak izan dituzten lagunak identifikatzen ari dira orain.

Prefekturak ez du eriaren osasun egoeraren berri eman.

Hori horrela, Euskal Herrian 20 dira koronabirusak jotakoak (baieztatutakoak): 17 Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), bi Nafarroan, eta bat Ipar Euskal Herrian.

Gainera, 250 pertsona etxean isolatuta daude, zaintzapean, eta horietako 100 inguru osasun arloko langileak dira.

Nekane Murga EAEko Osasun sailburuak esan du horrek ez diola arretaren "kalitateari" kalte egingo, osasun sareko baliabide guztiak bideratuko dituztelako, eta bertan behera utzi dituztelako premiazkoak ez ziren edo "atzera zitezkeen" froga batzuk.

Lau kasu gehiago EAEn

Bestalde, Osasun sailburuak eguerdian jakinarazi duenez, EAEn lau positibo gehiago atzeman dituzte: hiru Araban eta bat Bizkaian. Araban kutsatutako hiru pertsonetatik bi aurrez gaixotutakoekin kontaktuan egon ziren (zaintzapean zeuden); ez dakite zelan kutsatu den hirugarrena. Bizkaian, bigarren kasu bat baieztatu dute gaur. Erietxean dago eta ez dakite zelan kutsatu den.

Araban daude gaixo gehien (13), eta bina Gipuzkoan eta Bizkaian. Sei ospitalean daude.

Araban izandako positiboen artean bat larri dago, beste patologia batzuk tarteko.

Osakidetzak emandako aholkuak berretsi ditu Murgak. Halaber, adineko pertsonei eta gaixo daudenei etxebizitzako kontaktu gainazaletan "higiene neurriak handitzeko" eskatu die, eta lixiba eta ura gomendatu ditu horretarako.

Bien bitartean, Nafarroan koronabirusak jota dagoen emakumeak larri baina egonkor jarraitzen du ZIUn, Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak jakinarazi duenez. Bikotekideak ere gaixotasuna du, baina arriskutik kanpo dago.

Txagorritxuko Ospitaleko langile bat ospitaleratu dute

Txagorritxuko Ospitalean lan egiten duten baina Errioxan eta Burgosen bizi diren bi emakumeren kasuak ere aipatu behar dira. Azken orduotan, erietxe horretako osasun arloko langile batek positibo eman du koronabirusaren probetan, eta une honetan Burgosko Unibertsitate Ospitalean dago, hiri horretan bizi baita.

Arrazoi horregatik, egunotan berarekin kontaktuan izan diren pertsonei probak egiten ari zaizkie, dagozkion prebentzio-neurriak hartuta COVID-19 gaitzaren hedapenari aurre egin nahian.

Medikuek Valentzian kutsatu dela uste dute, izan ere, bere senide batzuk han bizi dira. Dena dela, ez dute baztertzen Gasteizen kutsatu izana, koronabirusa atzeman duten ospitalean lan egiten baitu.

Emakumea sukarrarekin ospitaleratu zuten, eta, protokoloa ezarri ondoren, kutsatuta zegoela baieztatu zuten. Ordudanik, Burgosko Unibertsitate Ospitalean dago isolatuta.

Albisteak (4)

Bideoak (1)