Zaldibarko luizia
Ahalik eta hondakin gehien hartzeko agindu dio Eusko Jaurlaritzak Gasteizi
Agentziak | Erredakzioa
Jaurlaritzak hurrengo 12 hilabeteotarako egin du eskaera hori; epea luzatzeko aukera dago.
Araban sortutako hondakin industrial guztitik "ahalik eta gehien onartzeko" agindu dio Eusko Jaurlaritzak Gasteizko Udalari, "orain arte aipatutako hondakin horiek zein zabortegitara eraman izan dituzten kontuan izan gabe". Eskaera urtebeterako da, baina epe hori luzatzeko aukera dago.
Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak sinatutako agindu baten bidez egin du errekerimendua Eusko Jaurlaritzak. Aginduan, halaber, "premiazko aldi baterako neurriak" ezartzen ditu sailburuak, Zaldibarko luiziaren harira.
Euskadiko hondakindegi guztiei "beharrezko neurriak hartzeko" eskatu die Jaurlaritzak, "baimendutako gaitasun handienaz baliatze aldera eta EAEn sortutako hondakinei lehentasuna ematea helburu".
Gasteizko Udalak "arabar enpresek sortzen dituzten eta orain arte Zaldibarrera eraman izan dituzten 23.000 tona hondakin" hartzeko gaitasuna duela adierazi zuen. Kopuru hori Gardelegiko udal-zabortegiak gaur egun duen gaitasunaren % 3 baino ez da; urtero udal-azpiegitura horrek jasotzen duen kopuruari erreparatuta, % 23 gehiago da.
Ana Oregi eta Cesar Fernandez de Landa zinegotziek azaldu diete agindua oposizioko taldeei ostegun honetan, udaletxean, udal-zabortegiaren gaineko bilera batean. Udal Gobernuaren iturriek, alabaina, ez dute adierazpenik egin.