Zaldibarko luizia
Zaldibarko bizilagunek mobilizazioak deitu dituzte gaurko, ardura politikoa eskatzeko
Agentziak | Erredakzioa
Zaldibar Argitu! elkarteak deitutako mobilizazioekin eta lanuztearekin bat egiteko eskatu diete inguruko herrietako bizilagunei, "hondamendi honen erantzuleak mugi daitezen".
Zaldibar Argitu! herri elkarteak hiru orduko lanuztea deitu du gaurko, osteguna, zabortegian izandako luiziaren kudeaketarekin "nazkatuta" daudela adierazteko eta "arduradunek behingoz aurpegia ematea" eskatzeko. Elkarteak 12:00etatik 15:00etara bitartean egingo duten protestarekin bat egiteko eskatu die Zaldibar, Eibar, Ermua, Elgeta eta Mallabia udalerrietako herritarrei, "langileak topatu arte, gure osasunaren eta bizitzaren defentsan eta ardura politikoagatik".
Elkarte horretako bozeramaileek prentsaurrekoan jakinarazi dutenez, 12:30ean mobilizazioak egingo dituzte aipatutako herrietan, eta 19:00etan manifestazio bateratua egingo dute, Eibar eta Ermua artean dagoen biribilgunean hasita.
Zaldibar Argitu! elkarteak mobilizazioekin bat egiteko deia egin diete inguruko herrietako bizilagunei, "hondamendi honen erantzuleak mugi daitezen eta Zaldibarkoa bezalako beste gertaerarik jazo ez dadin neurri zehatzak har ditzaten".
Ildo horretatik, deialdiarekin bat egiteko eskatu diete erakunde sozial eta sindikal guztiei, baita Euskadiko eta Nafarroako gainerako herriei ere, elkartasuna adierazi eta "guztioi eragiten digun egungo hondakinen kudeaketa eredua zalantzan jartzeko".
Agerraldian gogorarazi dutenez, duela hilabete jazo zen luizia, eta "oraindik gauza gehiegi argitu gabe daude". "Erakundeek normaltasun eta egonkortasun irudia helarazi nahi diguten arren, ezin dugu ezer gertatu ez balitz bezala jokatu. Gertatutakoa oso larria da", ohartarazi dute.
Horrez gain, luizia gertatu zenean Zaldibarko zabortegian lanean ari ziren bi beharginak oraindik desagertuta daudela azpimarratu dute, eta orain arte eman dizkieten azalpen teknikoak "mugatuak" izan direla salatu dute.
Hala, inguruko biztanleen kezka handienak ez dituztela argitu gaineratu dute, eta onartezintzat jo dute arduradun politiko bakar batek ere "inolako ardurarik hartu ez izana gertatutakoagatik”.
"Arduradun politiko horiek, zabortegiaren ardura duen enpresaren gaineko zalantza guztiak argitzeaz gain, dimisioa eman beharko lukete, higiene demokratikoagatik", esan dute prentsaurrekoan. Horrez gain, "hondamendi honen arduradunei" hamabi aldarrikapen biltzen dituen idazki bat emango dietela jakinarazi dute, "azter ditzaten eta bete ditzaten".
ELA, LAB, CCOO, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek bat egin dute zabortegiaren inguruko bost udalerrietan gaurko deitutako mobilizazioekin eta hiru orduko lanuztearekin.
Desagertuak topatzeko lanak aurrera doaz
100 langile inguru ari dira gaur egun Zaldibarko zabortegian desagertutako bi langileen bila, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez.
Desagertutako bi langileak topatzeko lanak errazteko asmoz, luizia izan zen eremua lau gunetan banatu dute, eta horiek, aldi berean, zenbait azpieremutan.
Gainera, baldintza meteorologikoak hobetzearekin batera, ezponda egonkortzeko lanak areagotu dituzte.