Itxi

Koronabirusa

Gasteizko eskola eta hezkuntza zentro guztiak itxi dituzte, martxoaren 23ra arte

Euskadi Irratia | Erredakzioa

Bastidako bi ikastetxeetan eta Guardiako institutuan ere utzi dituzte klaseak bertan behera. Dena dela, irakasleek lanera joan beharko dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Gasteizko eskola eta zentro guztiak (haurtzaindegiak, ikastetxeak, institutuak eta unibertsitateak barne) martxoaren 23ra arte ixtea erabaki du, COVID-19 izenarekin ezagutzen den gaitza hedatzea galarazteko. Eskolak kanpoko jarduerak ere bertan behera utzi dituzte. Neurriak eskola publikoetan eta pribatuetan izango du eragina, eta irakasleek, ikasleek ez bezala, lanera joan beharko dute.

Hezkuntza Saila EAEko ikastetxeetako arduradunekin eta hezkuntzako sindikatuekin bildu da goizean, koronabirusak hezkuntza sisteman izango dituen ondorioen berri emateko, hainbat positibo atzeman baitituzte.

Gasteizek 255.000 biztanle eta unibertsitatez kanpoko 62 ikastetxe eta EHUko zazpi zentro; horiek guztiak martxoaren 23ra arte egongo dira itxita.

Estatu-mailan, horrelako neurria hartu duen lehen hiriburua da Gasteiz. Erbakiak eragin handia du milaka familiarengan. Prebentziozko neurria da; berez, ez da kasu berririk atzeman hezkuntza-zentroetan, Odon de Apraiz ikastolaren salbuespenarekin; eskola hori astelehen goizean ere zegoen itxita, irakasleen artean bi positibo atzeman dituztelako

Hezkuntza Sailaren iturriek argi utzi dutenez, helburua da birusa ez hedatzea, "umeek erraz kutsatzen baitute gaixotasuna", baina berretsi dutenez, "ez dago osasun-arazorik".

Udal-titulartasuna duten hezkuntza-zentroak itxiko dituzte Gasteizen

Halaber, Gasteizko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Osasun Sailekin koordinatuta, udal-titulartasuna duten hezkuntza-zentroetako Zuzendaritzei eta langile teknikoei esan die 15 egunez utziko duela jarduera bertan behera zentro horietan.

Horrek ondorengoetan izango du eragina: udal-haurreskoletan (Haurtzaro, Sansomendi, Zaramaga, Lourdes Lejarreta eta Zabalgana), Luis Aranburu Musoka Eskolan, Folklore Akademian, Jose Urueña Dantza Kontserbatorioan, eta Arte eta Lanbide Eskolan.

Udalak jakitera eman duenez, udal Gobernuaren taldearen ezohiko bileran hartu dute erabaki hori. Gerora, talde politikoei eman diete horren berri.

Hezkuntza-arloko udal-zerbitzu eta ekipamenduetan izango du eragina neurri horrek. Arratsaldean, nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak bilera deitu du, eta hainbat erakunde izango dira bertan; baliteke beste neurri batzuk ere ezartzea.

Gasteizen, udal-sailetako zinegotziak eta zuzendariak ere koordinatuta arituko dira, egoera aztertu eta neurri osagarriak hartu behar ote diren eztabaidatzeko.

Bastidan eta Guardian ere, eskola batzuk itxita

Araban ere, Bastidan, bertako bi ikastetxeak gutxienez bi astez egongo dira itxita, salbuespen neurri gisa, kasu positibo bat atzeman ostean. Antza denez, bi astez isolatuta egon behar zuen haur batek ez zuen gomendioa bete, eta bi ikastetxetako ikasleen arteko futbol partida batean parte hartu zuen. Hala, pertsona gehiago kutsatuta izateko arriskuaren aurrean, Eusko Jaurlaritzak prebentzio gisa hartu du neurri hori. Koronabirusaren eraginez klaseak bertan behera utzi dituzten lehen bi ikastetxeak izan dira Espainiako Estatuan.

Ketzu Bedialauneta Bastida Ikastolako zuzendariak Euskadi Irratiko "Faktoria"ri adierazi dio bat-batean jaso zutela atzo arratsaldean klaseak bertan behera uzteko erabakiaren berri. Eskola bera ez dago itxita, langileak lanera joan dira, baina ez dago klaserik.

Bastida eta Haro artean 6 kilometro daude, eta foku kezkagarrienetako bat bertan atzeman zuten; izan ere, duela bi aste Gasteizko hileta-elizkizun batera joan ziren 60 pertsona inguru kutsatu ziren, eta, ondorioz, herri horretako hainbat bizilagun koarentenan jarri behar izan dituzte.

Horrez gain, Guardiako institutua ere itxiko dute, Bastidatik eta Harotik gertu baitago.

Arkaute, itxita

Malentxo Arruabarrena Arkaute Ertzaintzaren akademiako zuzendari nagusiak iragarri du bertan behera geratu direla zentroko ikastaro guztiak koronabirusa ez zabaltzeko neurri gisa. Berriro martxan jartzeko agindua eman arte egongo da zentroa itxita.

Gaur egun martxan dauden kurtsoei edo hastera zihoazenei eragingo die neurriak. Izan ere, Ertzaintzaren 28. promozioko agenteen kurtsoa zen hastekoa.

Era berean, Udaltzaingoan sartzeko prozesuak eta suhiltzaileekin lotutako ikastaro batzuk ere bertan behera geratu dira.

Sei hildako eta 148 kasu positibo EAEn

Igandean, Osasun Sailak koronabirusa zuten hiru pertsona hil direla baieztatu zuen, baina gaur bertan beste bat hil da; beraz, dagoeneko sei dira Euskadin hildakoak. Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 148 koronabirus kasu positibo atzeman dituzte.

Igandeaz geroztik, 46 positibo berri izan dira Euskadin. Araban dituzte positibo gehien, 122 kasu atzeman baitituzte; horietatik 43, azken orduetan. Bizkaian, 21 dira atzemandako kasuak (atzo baino bat gehiago), eta Gipuzkoan, bost (bi gehiago).

Horrez gain, EAEko zahar-egoitza batean koarentena ezarri du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Zehazki, Gasteizko San Martin auzoan dagoen zentro pribatu bat da kaltetutakoa; halaber, Pablo Neruda kaleko adineko pertsonentzako eguneko zentroa ere itxi dute.

Hiru adingabe

Koronabirusarekin kutsatu dira hiru adingabe azken 24 orduetan EAEn, baina osasun egoera onean daude, Nekane Murga Osasun sailburuak Gasteizen emandako prentsaurreko batean azaldu duenez.

Iñigo Urkullu lehendakaria buru, instituzio arteko batzarra egin dute gaur arratsaldean Lehendakaritzan Covid-19aren krisia aztertzeko eta erantzuna aurreikusteko, eta ondoren, Osasun sailburuak "azken 48 orduotako joera kontuan izanda" hartu dituzten neurriak iragarri ditu.

Neurri berriak

Ikasleentzat aurreikusitako neurrien artean, gurasoek tenperatura hartu beharko diete haurrei eskolara joan aurretik; eta 37 gradu baino gehiago edo arnasketa arazoak badituzte, etxean geratu beharko dira.

Eusko Jaurlaritzak iragarri du "kasuz kasu" aztertuko dituztela Gasteizen egingo diren kultur edo kirol ekitaldi jendetsuenak, 5.000tik gora pertsona biltzen dituztenak, eta 500dik gorakoei agindu die "aholku argiak" eman ditzatela txarteldegian eta sarreran jenderik ez pilatzeko eta bertaratutakoen artean metro bateko distantzia egoteko.

Osasun sailburuaren arabera, Gasteizerako hartu dituzten erabakiok "behin behinekoak eta prebentziozkoak" dira datozen bi asteetarako, eta berraztertu egingo dituzte joeraren arabera.

Bestalde, Osasun Ministerioak, erkidegoekin elkarlanean, telelana eta ordutegi malgutasuna aholkatu du Madrilgo Erkidegoan, Gasteizen eta Bastidan, koronabirusa zabaltzeko eremu arriskutsuak diren heinean, Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak erkidegoetako osasun agintariekin batzarra egin ostean iragarri duenez.

Gainera, Espetxe Zuzendaritzak koronabirusaz kutsatzeko eremu arriskutsuetan, Araban adibidez, bisitak eta komunikazioak bertan behera uzteko agindu die espetxeei.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Albisteak (4)

Bideoak (3)