Itxi

Koronabirusa

197 koronabirus kasu Euskadin, beste 49 positibo gehiago atzemanda

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

72 lagun daude ospitaleratuta. 49 kasu berrietatik 31 Araban atzeman dituzte, 15 Bizkaian, eta hiru Gipuzkoan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

197 lagunek eman dute positiboa koronabirusagatik Euskadin, azken orduotan 49 kasu gehiago atzemanda. Ez da beste inor hil, eta, hortaz, sei lagun zendu dira oraingoz Euskal Autonomia Erkidegoan COVID-19aren ondorioz, Osakidetzak jakinarazi duenez.

Guztira, 72 lagun daude ospitaleratuta EAEn. Atzemandako 49 kasu berrietatik 31 Araban detektatu dituzte, hiru Gipuzkoan eta 15 Bizkaian.

Ondorioz, Araban 153 lagunek dute koronabirusa, eta 72 daude ospitalean. Gipuzkoan, zortzi lagunek eman dute positiboa, eta hiru daude ospitaleratuta. Bizkaian, 36 kasu positibo daude une honetan, eta 18 pertsona daude ospitalean.

Euskadin, hiru lagun zendu dira Araban, bi Bizkaian, eta bat Gipuzkoan.

Horrez gain, Murgak zehaztu duenez, EAEko lau adingabek dute COVID-19a; horietako bat azken 24 orduetan kutsatu da. Gasteizen bizi dira denak; hiri horretan daude kutsaturik gehien.

Horri guztiari gehitu behar zaio Euskaditik iritsitako 57 urteko emakume batek positibo eman duela Extremaduran. Arin dago, etxean isolatuta.

Lasaitasun mezua, familientzat

Murgak, berriro ere, lasaitasun mezua helarazi nahi izan die gurasoei, adingabeentzat ezarritako neurrien aurrean: "Umeak osasuntsu daude, baina birusa kutsatzeko gaitasun handia dute. Asmoa da saihestea kutsadura etxera iristea, bertan baitaude adin handiko senideak. Horiek dute arrisku handiena".

Osasun-langileen eta Gasteizko eta Bastidako familien ahalegina eskertu nahi izan du sailburuak, eta, halaber, koronabirusaren hedapena eusteko Jaurlaritzak ezarri dituen neurriei jarraitzeko eskaera egin die herritar guztiei.

Hortaz, gogora ekarri duenez, Gasteizko eta Bastidako hezkuntza-zentro guztiak gutxienez hilaren 23ra arte izango dira itxita. Kultura arloan, Gasteizen, 5.000 ikusle baino gehiago biltzekoak diren ikuskizun guztiak aztertuko dituzte, banaka, bai eta kirol jarduerak ere. Gainera, leku itxian egitekoak diren jarduerei erreparatuta, aholkua da ikusleen artean gutxienez metro bateko aldea egotea, 500 lagunetik gorako ekitaldietan.

Halaber, Arabako hiriburuan, murriztu egin diete laguntzaileei ospitale larrialdietarako sarrera, bai eta zentro soziosanitarioetarako sarrera ere. Larrialdietan, arnasketako gaitzen bat duten gaixoen kasuetarako, osasun-langileei eskatu diete maskarak eta eskularruak erabil ditzatela.

Euskadi osoan, gomendioa da zentro soziosanitarioetan dauden adineko pertsonei egindako bisitak murriztea, betiere bizitzaren amaierako gutxieneko laguntzaren eta zaintzaren eskubidea kontuan izanik. Gainerako herritarrei eskatu zaie umeei tenperatura hartzea eskolara edo osasun-zentrora joan aurretik; 37 gradu baino gehiago eta arnas sintomak izatekotan, etxean geratu beharko dira.

Osasun Sailak eta Osakidetzak, halaber, ardura eskatu diete herritarrei, zehaztutako gomendioei jarraitzeko; arrisku-guneren baterako bidaia egin bada, eta sintomak izatekotan, aholkua da etxean geratzea, eta Osakidetzaren Osasun Kontseiluaren telefonoari deitzea (900 20 30 50 da).

Horrez gain, neurri higienikoak hartzea eskatu dute: eskuak garbitzea, eztul egitean ahoa estaltzea, edo erabili eta botatzeko zapiak erabiltzea, gainazalak garbitzeaz gain. Sintomak dituzten pertsonek (sukarra, edo arnas sintomak) ez dute adineko pertsonekin edo gaixo kronikoekin kontaktuan izan behar, eta gomendioa da leku publiko eta jendetsuetan ez egotea.

Nafarroan, ez dago aurreikusita eskolak ixtea

Nafarroan, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak ziurtatu du "une honetan, printzipioz" ez dagoela asmorik "hezkuntza-zentrotik ixteko". Nolanahi ere, "egoera unetik unera ari da aldatzen", eta Osasun Departamentuarekin koordinatuta hartuko lukete edozein erabaki.

Parlamentu-agerraldia egin ostean kazetariei egindako adierazpenetan, kontseilariak "normaltasun mezua" luzatu nahi izan du; izan ere, Nafarroan, koronabirusaren bilakaera beste autonomia erkidego askotan baino askoz ere mugatuagoa ari da izaten, eta Nafarroako Osasun Sistema eta profesionalak, gainera, "lan eredugarria ari dira egiten, egoera kontrolpean izateko".

Hezkuntza Departamentua, dena dela, Osasun Departamentuarekin elkarlanean dago, edozein neurri adosteko; adibidez, Barañaingo eskola batean, irakasle batek positiboa eman zuen, eta Zangoza eskola publikoan ere kasu bat atzeman dute. Eskola horretan bertan izan da bilera bat astearte honetan: "Familien jarrera eredugarria omen da, hartu beharreko neurriei dagokienez", nabarmendu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

 

Albisteak (14)

Bideoak (1)