Itxi

KORONABIRUSA

Eskolak bertan behera geratuko dira EAEn bihartik aurrera

EITB.EUS

Leer en Castellano

15 eguneko etenaldia izango da, bihartik hasita. Irakasleak eta gainerako langileak euren ohiko ordutegian lantokietan egongo dira.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-zentro guztiak ixtea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, koronabirusari aurre egiteko euste faseko neurri gisa; 15 egunekoa izango da etenaldia, bihartik, martxoak 13tik, hasita. Arabako eta Balmasedako eskolak atzotik daude itxita.

Nekane Murga eta Cristina Uriarte Osasun eta Hezkuntza sailburuak, hurrenez hurren, hedabideen aurrean agertu dira eguerdian, neurriaren inguruko xehetasunak emateko.

Koronabirusak EAEn utzitako azken datuak emanez hasi du bere agerraldia Murgak; orotara, 346 dira COVID-19 gaitzak kutsatutakoak: 259 Araban, 71 Bizkaian eta 16 Gipuzkoan. Hildakoak, berriz, 11 dira dagoeneko.

Eskolak ixteko arrazoi nagusia, Osasun arduradunaren hitzetan, "koronabirusaren transmisioa galaraztea" da, eta erabakia "adituen aholkuei jarraituta" hartu dutela gaineratu du. Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako zentroei, Lanbide Heziketako ikastetxeei eta unibertsitateei eragingo die neurriak. Eskolaz kanpoko ekintzak ere bertan behera geratuko dira.

Aurreko egunotan iragarritako eusteko neurri guztiak ere bere horretan mantenduko dituztela adierazi du Murgak, eta "ardura eta lankidetza" eskatu die herritarrei. "Neuri hauek guztiak garrantzitsuak dira, baina bakoitzak bere egunerokoan Osasun Sailaren aholkuak kontuan izatea ere ezinbestekoa da", gaineratu du.

Uriartek, bere aldetik, azpimarratu du eskolak bertan behera uztea ez dela "eskola-jardueraren etenalditzat hartu behar". "Aitzitik, ahalegina egin behar dugu ikasleek egunero etxean ikasteko ohiturari euts diezaioten. Horregatik, ikastetxeetako langileak beren ohiko ordutegian egotea erabaki da", zehaztu du.

Ikasle guztiei "ahal den neurrian" taldeko jarduerak egiten diren "esparru itxiak" saihesteko eskatu diete, "nahiz eta ikasleek etxeko bizitza normala egin dezaketen".

Ikastetxeek zabalik izango dituzte familiekin komunikatzeko ohiko bideak, gaiari buruzko informazio eguneratu guztia helarazteko. "Aldi horretan, irakasleei dagokie material didaktikoa prestatzea eta ikasleen eskura jartzea, ahal den neurrian, modu ez-presentzialean lan egiten jarraitu ahal izan dezaten. Horretarako, Sailak alderdi horiek argitzeko instrukzioa emango du", esan du Hezkuntza sailburuak.

Kirol jarduerak, bertan behera

Jaurlaritzaren erabakiaren ondotik, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek eskola kiroleko eta kirol federatuko jarduera guztiak bertan behera uztea erabaki dute. Araban herenegundik daude etenda.

Gipuzkoako Aldundiak bilera egin du goizean, lurraldeko kirol federazioetako arduradunekin, eta prebentzio neurriak lehenbailehen martxan jartzea adostu dute.

Telefonoak: 900 20 30 50 (EAE) eta  948 290 290 (Nafarroa)

SOS Deiak erakundeak eta Bizkaiko Suhiltzaileek mezu bat bidali dute koronabirusen sintomak dituztenek 112 telefonora ez deitzeko eskatzeko, telefono hori beste larrialdi batzuetarako prestatuta baitago.

Gogorarazi dutenez, COVID-19aren sintomak izanez gero, 900 20 30 50 da Euskal Autonomia Erkidegoan herritarren zerbitzura jarritako telefonoa, eta 948 290 290 Nafarroan. Egoera horretarako bereziki prestatutako telefonoak dira.

Erretiroa berriki hartu duten medikuak

Bestalde, erretiroa berriki hartu duten medikuei deitzeko aukera aztertzen ari da Jaurlaritza, osasun-zerbitzuetan berriro lanean has daitezen, koronabirusaren krisia dela eta. Osasun Sailak lana duela oso gutxi utzi duten medikuei deituko lieke; ibilbide luzeko eta eskarmentu handiko profesionalak lirateke.

Josu Erkoreka bozeramaileak iragarri du hori, RNEn, eta, bertan zehaztu duenez, "krisiak jarraitzen duen bitartean" egongo litzateke neurria indarrean. "Gaitasun osoa duten langileak dira, prestakuntza ezin hobea dute, esperientzia handikoak dira, eta erantzuna emateko prest egon litezke", adierazi du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Albisteak (4)

Bideoak (1)