Itxi

Koronabirusa

Zer gertatzen da nire hegaldia bertan behera geratu bada?

eitb.eus

Leer en Castellano

Ezagutu zure eskubideak zure hegaldia koronabirusaren pandemiak bertan behera utzi badu.

Erromako Ciampino aireportua. Argazkia: EFE

Koronabirusa hedatzearen ondorioz hegazkin-konpainiek hegaldiak ezeztatzean kalteturik atera diren aire-bidaiariek badute eskubidea informazioa, laguntza eta beste garraio bat eskuratzeko edo beraiei dirua itzultzeko, 261/2004 (EE) Erregelamenduan xedatutakoari lotuz:

Informazioa: hegazkin-konpainiak laguntza eta kalte-ordainaren baldintzak biltzen dituen inprimaki bat ematea.

Laguntza: janari eta edari nahikoa, bi telefono-dei edo posta elektronikoko sarbidea eta, beharrezkoa balitz, alojamendu gau bat edo bi, baita aireportu eta alojamendu-lekuaren arteko garraioa ere.

Dirua itzultzea edo beste garraio bat, azken destinoraino; bertan, konpainiak hiru aukera eskaini behar ditu. 

Hegazkin-konpainiak bere betebeharrak urratzen baditu eta erabiltzaileak uste badu bere eskubideak ez direla bete, konpainiari erreklamatu behar dio, eta erantzunik ez jasoz gero edo horrek gogobetetzen ez badu, erreklamazio bat aurkez diezaioke AESA, Aire Segurtasunerako Espainiako Agentziari batere kosturik gabe. 

Baldin eta hegazkin-konpainiak koronabirusaren (COVID-19) eraginpean daudela izendatutako herrialde edo ingurune baterako hegaldia ezeztatu ez badu, aire-garraioaren erabiltzaileei gomendatzen zaie garraio-kontratua harpidetu duten konpainia edo agentziari kontsultatzea, kontratuaren baldintzak egiaztatzea eta, bidaia-asegurua badute, hegaldia ezeztatzeko aukera ea ematen duen begiratzea.

Betiere, kontsumo-gaietako agintari eskudunek konpainia, agentzia eta operadoreei gomendatzen diete malgutasunez jokatzea eta erabiltzaileei bidaia ezeztatzeko aukera eskaintzea, edo beste bidaia-aukera batzuk eskaintzea.

Hoteletan egiten diren ezeztapenak hotelak bertan behera uzteko politikaren araberakoak izango dira. Erreklamazioei dagokienez, erabiltzaileen erakundeek gomendatzen dute idatziz erreklamatzea, eta, kasu horietan guztietan, jakinaraztea ezereztea koronabirusari dagokiola edo osasun-arriskua dagoela. Gogorarazi behar da Osasun Sailak berariaz gomendatu duela arrisku-eremuetara ez bidaiatzea.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Albisteak (3)