Hilketa Gipuzkoan
Gizon bat atxilotu dute Soraluzen ama hiltzea egotzita
eitb.eus
Aurpegian hematoma handia zuen 74 urteko emakumearen heriotzaren nondik norakoak ikertzen ari da Ertzaintza.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ertzaintzak 33 urteko gizon bat atxilotu du gaur goizaldean Soraluzen, hilketa-delitu bat egotzita; izan ere, haren ama (74 urte) hilda aurkitu dute etxean, aurpegian hematoma handi bat zuela. Ertzaintza emakumearen heriotzaren nondik norakoak ikertzen ari da.
Goizaldeko 03:00ak jotzeko minutu batzuk falta zirenean, Deba Urolako ertzain-etxeko agenteak udalerriko kale batera joan dira, gertakari baten berri izan ostean.
Patruilak iritsi direnean, agenteek gizon bat aurkitu dute kalean, eta hark esan die pertsona bat hil dela bere etxean, eta etxeko atea irekita utzi duela. Hala, ertzainak etxebizitzara sartu dira eta bizi-konstanterik ez zuen emakume bat aurkitu dute gela batean.
Jarraian, osasun langileak eta auzitegiko medikua bertaratu dira, baita Ertzaintzaren segizio judiziala, ikerketa alorreko agenteak eta Polizia Zientifikoa ere. Agenteek minutu batzuk geroago atxilotu dute hildako emakumearen semea, etxetik gertu, haren heriotzarekin zerikusia duelakoan.
Konfinamenduak larriagotu egiten du indarkeria matxistaren biktimen egoera
Oneka emakume pentsiodunen plataformak hilketa gaitzetsi du, eta ohartarazi du koronabirusaren konfinamenduak eraso egiten dieten gizonekin bizi diren "emakume askoren" egoera larriagotzen du.
Onekak adierazi duenez, etxe barruan egoteko betebeharrak "gizonak baino gehiago zigortzen ditu emakumeak", izan ere, "askok erasotzailearen ondoan pasatu behar dute koarentena". "Adineko emakumea izatea arrisku handiko faktorea da genero indarkeria jasateko, indarkeria hori ikusezinagoa eta, segur aski, denboran eutsiagoa delako".
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.