OTA-TAO
TAO Donostian eta Bilbon mantendu dute; Gasteizen eta Iruñean bertan behera utzi dute
eitb.eus
"Ibilgailu pribatuan mugikortasuna saihesteko" dela defendatzen dute Bilboko eta Donostiako Udalek.
Donostiako Udalak hiriko segurtasun-arduradunekin (Udaltzaingoa eta Ertzaintza) eta Mugikortasun Sailarekin batera egoera aztertu du, eta "aparkalekuen erregulazioa mantentzea derrigorrezkoa" dela argudiatu du, "ibilgailu pribatuen joan-etorriak saihesteko".
Udaleko iturriek jakitera eman dutenez, "egoera honetan pertsonen eta ibilgailuen mugimendua mugatzea da lehentasuna" eta, beraz, neurri hori "printzipio horiekin koherentea" da.
Era berean, Donostiako Udalak ziurtatu du zamalanetarako guneak libre mantentzeko "ahalegin berezia" egiten ari dela, hiriko supermerkatu eta denda ezberdinei hornidura bermatzeko.
Azkenik, jakinarazi du egoiliarraren dokumentua duten ibilgailu guztiei TAO komertzialeko guneetan aparkatzen utziko zaiela.
Gasteizko Udalak TAO bertan behera utzi du
Gasteizko Udalak iragarri du TAOa bertan behera utziko duela.
Arabako hiriburuko erdiguneko kaleetan ibilgailuak aparkatzeko denbora-mugak indarrik gabe geratuko dira, eta, aldi berean, bertan behera utziko dira Trenbide Geltokiko aparkalekuak eta Aldabe gizarte-etxeko aparkalekuak.
Modu berean, txartelak banatzen dituztenek zerbitzua emateari utziko diote, eta zaintzaileek ez dituzte ohiko eginkizunak beteko, Udaleko iturriek jakitera eman dutenez.
TAO zerbitzua mantenduko du Bilboko Udalak
Mugikortasuneko eta Iraunkortasuneko Departamentuak zerbitzua mantentzea defendatu du, zabalik jarraitzen duten lantoki ugari daudelako. Udalak azpimarratu du TAOa bertan behera uzteak "kolapsoa" eragin lezakeela aparkalekuetan-gidariek garraio publikoan bidaiatzeari uko egin eta beren ibilgailuan joango liratekeelako-.
Iruñeko Udalak eremu urdina eten du 15 egunez
Hiri osoa aparkatzeko eremu librean bihurtu da, inolako murrizketarik gabe, aparkalekuen kolorea edozein izanda ere.
Herritarrei izapideak erraztu eta murrizteko, bide publikoan ematen duten denbora laburtzeko eta parkimetroak kutsatze-iturri bihurtzea ekiditeko.
Larrialdi-egoerari erantzuteko, Iruñeko Udalak neurri hori hartu du herritarren segurtasuna bermatzeko eta koronabirusaren hedapena geldiarazteko.