Itxi

Koronabirusa

Osakidetzak koronabirus testa egiteari utzi dio kasu arinetan

Euskadi Irratia | Erredakzioa

Leer en Castellano

Munduko Osasun Erakundearen irizpideak, ordea, zorrotzagoak dira. Edozein kasu susmagarriren aurrean, testa egiteko eskatu du, hori baita kutsatze katea eteteko modu bakarra.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Osakidetzak ohar bat igorri die osasun-arloko profesionalei, hemendik aurrera, COVID-19 gaitza atzemateko probak soilik arnas infekzio akutuko koadroa duten eta ospitaleratuta dauden edo ospitaleratzeko baldintzak betetzen dituzten pazienteei egin diezaieten.

Halaber, oinarrizko osasun-zerbitzuren bat ematen duten langileei ere egingo zaie proba, baita infekzioa hain larria ez den kasuetan ere. Testuinguru horretan, sintoma arinak dituzten gainerako pertsonei koronabirus proba egiteari utziko diete hemendik aurrera.

Zehazki, koronabirusarekin kutsatutako pazienteen gorakadari aurre egiteko eta zerbitzua berrantolatzeko asmoz Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak adostu duten jarduera-protokolo berrian ezarritako berrantolaketa-neurrietako bat da hori.

Horrela, koronabirusaren agerraldiak sortutako salbuespen egoerari erantzun "eraginkorragoa" eman nahi dio Jaurlaritzak, eta "kalitatezko osasun arreta bermatu".

Munduko Osasun Erakundearen (MOE) irizpideak, ordea, zorrotzagoak dira. Edozein kasu susmagarriren aurrean, testa egiteko eskatu dute, hori baita positibo guztiak baieztatu, isolatu eta kutsatze katea eteteko modu bakarra.

Ildo horretatik, koronabirusa duten pertsonen kontaktu sarea ondo aztertzeko eskatu die Tedros Adhanom Ghebreyesus MOEko zuzendari nagusiak nazioarteko agintariei. Zehazki, positibo eman duen edozeinekin kontaktua izan duten pertsona guztiak identifikatzeko eskatu du, sintomak agertu baino bi egun lehenago haiekin topo izan badute testa badaezpada egiteko.

Gainera, MOEko zuzendari nagusiak ohartarazi duenez, koronabirusa gainditu duten gaixoek, sintomak desagertu ondoren ere jendea hainbat egunez kutsatzeko ahalmena dute. Horregatik, sendatu ondoren, isolamendua beste 15 egunez luzatzea gomendatu du MOEk.

Osakidetzak hartutako beste neurri batzuk

Halaber, gaur egun bizi dugun egoeraren aurrean, bertan behera utzi dira atzeratu daitezkeen kontsulta presentzial guztiak, betiere osasunarentzat arriskurik ez badakar. Ildo horretatik, paziente onkologikoen kontsultak edo haurdun daudenen jarraipena bermatzen dira.

Ostiralaz geroztik, arnas sintomak dituzten eta arreta medikoa behar duten pertsonentzat erreferentziazko hiru osasun zentro daude Araban: Zabalgana, Salburua eta Lakuabizkarra.

Oraingoz, Bizkaian eta Gipuzkoan sintomak dituzten pertsonek 900 20 30 50 telefonora deitzen jarraitu beharko dute, Araban ezarritako berrantolaketa aipatutako lurraldeetara hedatzen ez den bitartean.

Gainera, Osakidetzak eskualdeko eta egonaldi ertain edo luzeko ospitaleetara joko du ospitaleratze-bolumen handiena duten ospitaleetako pazienteak hartzeko.

Bestalde, Osakidetzako profesional erretiratuak kontratatzeko izapideak amaitu ditu Osasun Sailak, eta azken bi asteotan 18 pertsonarekin indartu du zerbitzua.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Albisteak (3)

Bideoak (1)