Itxi

Koronabirusa

Aurrez aurreko arreta bertan behera utzi dute EAEko eta Nafarroako erakundeek

eitb.eus

Leer en Castellano

Zuzenean zerbitzuak, Lanbidek eta aldundiek zerbitzu telematikoak eta telefono bidezko arreta indartzea erabaki dute, herritarrei zerbitzua ematen jarraitzeko.

Lanbide. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia

COVID-19 izenarekin ezagutzen den gaitzaren agerraldiari aurre egiteko asmoz indarrean dagoen alarma-egoera dela eta, herritarrei aurrez aurre ematen zaien zerbitzua aldi baterako etetea erabaki dute Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Nafarroako erakundeek.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak herritarren arretarako eskaintzen duen Zuzenean zerbitzuko hiru bulegoak itxita egongo dira datozen egunetan, eta administrazioarekin lotutako prozeduretan epeak eten dituzte.

Eusko Jaurlaritzak ohar baten bidez azaldu duenez, osasun arrazoiengatik hartu dute erabakia. Zehazki, izapideak egitera joan daitezkeen herritarren artean kutsadura zabaltzea eragin ditzaketen kontaktuak murrizteko helburua du Bilboko, Gasteizko eta Donostiako bulegoei eragiten dien neurriak.

Hala, hemendik aurrera, dagozkion administrazio-izapideak Eusko Jaurlaritzaren webgunearen bidez egin ahal izango dira. Horretarako, Telegramen (688 671 234) eta 012 telefono-zenbakiaren bidezko komunikazio eta informazio bideak indartuko dira.

Bizkaiko Foru Aldundiak ere aurrez aurreko zerbitzua etetea erabaki du, eta neurri zehatzak hartu ditu herritarren arteko kontaktua mugatu eta koronabirusaren hedapena geldiarazteko.

Horrela, Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko bulego guztietako aurrez aurreko laguntza-zerbitzua etenda utziko du; zerbitzu murriztua izango du dokumentuak erregistratzeko eta urgentziazko kasuetarako, eta profesionalek aurretik zehaztuko dituzte. Kalteak saihesteko, 20 egun luzatuko dira irekitako deialdi eta eskabide guztietan dokumentazioa aurkezteko epeak, eta telefono bidezko laguntza-zerbitzua indartuko du. Aldundiak gogorarazten du aurrez aurreko izapideetako asko telematikoki egin daitezkeela egoitza elektronikoaren bidez.

Araban, berriz, Etxean Zurekin ekimena jarri du martxan Foru Aldundiak, mendekotasuna duten pertsonei zuzendutako etxez etxeko laguntza profesionala indartzeko helburuarekin. Hala, behar bereziak dituzten pertsonek, adinekoek zein ezintasunen bat dutenek 945 151 015 telefonora dei dezakete.

Arabako Foru Aldundiak ere bertan behera utzi ditu herritarrak artatzeko gune guztiak, eta telefono bidezko arreta (945 181 818) eta posta elektronikoa erabiliko ditu herritarrek eta enpresek prozedura eta zerbitzu publikoei buruz egiten dituzten kontsulta guztiei erantzuteko, eta kontsulta horiek dagokion arlora bideratzeko. Ildo horretatik, premiazko gaietarako baino ez ditu onartuko aurrez aurreko kudeaketak, betiere aurretiazko hitzordua badute.

Arabako Foru Ogasunari dagokionez, informazio fiskalerako 945 181 555 telefonoa eta consultasfiscales@araba.eus helbide elektronikoa egongo dira erabiltzaileen esku; informazio orokorrerako, berriz, 945 181 818 telefonoa eta hacienda@araba.eus helbide elektronikoa.

Gipuzkoan, herritarrei arreta emateko gutxieneko zerbitzuak ezarri dira, eta hemendik aurrera Foru Jauregiko Informazio eta Arreta Bulego Nagusia soilik irekiko da, 09:00etatik 14:00etara, gutxieneko langileekin, Erregistro Orokorreko izapideak egiteko, eta BAKQ identifikazio elektronikoa emateko eta berritzeko.

Hori dela eta, zerbitzu telematikoa edota Arreta aplikazioa erabiltzeko eskatu die Foru Aldundiak herritarrei.

Halaber, Nafarroako Gobernuak ere bertan behera utzi du jendearentzako aurrez aurreko arreta, eta webgunearen edo telefonoaren bidez egindako kontsultak besterik ez ditu artatuko.

Foru Ogasunaren kasuan, aurrez aurreko arretarako lurralde-bulegoen sarea aldi baterako itxiko du. Dena dela, "gaur egungo egoeraren jakitun" da erakundea, eta "ez du epea bete gabetzat joko araudi aldaketa onartu bitartean".

Zergekin lotutako kontsultak egiteko edo informazio eskatzeko, hiru modu daude: Nafarroako Foru Ogasunaren webgunea, hacienda.navarra@navarra.es helbide elektronikoa eta 948 50 51 52 telefonoa.

Lanbidek ere aurrez aurreko arreta eten du bere bulegoetan, baina herritarren kontsultei erantzuten jarraituko dute bere webgunearen eta telefono bidezko arreta-zerbitzuen bidez (Herritarrak: 945 160 600/630 305 452; Enpresak eta erakundeak: 945 160 601).

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Albisteak (3)