Koronabirusa
Gurasoek haurrak eraman ahal izango dituzte erosketak egitera beharrezkoa denean
eitb.eus
Espainiako Ministroen Kontseiluak dekretu berria onartu zuen alarma egoeraren hainbat neurri aldatzeko, eta albaitari klinikei irekitzeko baimena eman die.
Espainiako Ministroen Kontseiluak beste dekretu bat onartu zuen aurreko asteartean, koronabirusari aurre egiteko onartu zuenean jasotako neurri batzuk aldatzeko.
Hala, zuzenketa batzuk egin ditu dekretuan, eta aurrerantzean, haurrek, ezgaitasunen bat duten pertsonek edo adinekoek guraso edo euren arduradunekin kalera ateratzeko aukera izango dute, beharrezkoa den kasuetan, baimendutako egitekoetarako: erosketak egiteko, farmaziara joateko, etab. Dena den, lehentasuna etxean geratzea da, eta benetan behar-beharrezkoa denean soilik ateratzea.
Bestalde, zirkulazioa debekatu duten erabilera publikoko eremuen artean sartu dute hondartza, aurreko dekretuan hutsune hori baitzegoen.
Ireki dezaketen zentroen artean sartu dituzte garbikariak saltzen dituztenak eta albaitari klinikak, eta ile-apaintzaileen jarduera etxez etxekoa soilik egongo da martxan.
Administrazioko izapideak atzeratu ahal izateko neurriak ez die afiliazioari, likidazioari eta Gizarte Segurantzaren kotizazioari eragiten, eta ezarritako epeetan egin beharko dira.