Koronabirusa
Bizkaiko Erizaintza Elkargoak segurtasun-neurri "guztiak" galdegin ditu
Agentziak | Erredakzioa
Neurri horien helburua da profesionalentzako arrisku biologikoa saihestea, koronabirusaren aurrean. Elkargoak, halaber, deitoratu du Osakidetzako erizain baten heriotza.
Bizkaiko Erizaintza Elkargoak "osasun-profesionalek, laneko arrisku biologikoa saihesteko, segurtasun-neurri guztiak ahalik eta lasterren" izan behar dituztela eskura berretsi du ostegun honetan. Ohar baten bidez, horrez gain, Elkargoak deitoratu du Osakidetzako erizain baten heriotza; koronabirusagatik hil da erizain hori.
Bizkaiko Erizaintza Elkargoak "doluminik zinezkoenak" agertu nahi izan dizkie hildako erizainaren senideei, lagunei eta lankideei, "bai eta gure gertutasuna ere, galera honen osteko doluan. Elkartasun-sentimendu horiek Bizkaiko 8.500 elkargokideek partekatzen dituzte", adierazi du. Erizaina, 52 urtekoa bera, Galdakaoko Ospitalera zegoen adskribatuta, baina Basurtukoan zendu da, koronabirusak kutsatuta, asteazken gauean.
Elkargoak osasun-profesionalak eta profesional sozio-sanitarioak egiten ari diren lan "bikaina, ausarta eta konprometitua" koronabirusaintzatetsi du, erizaintzako langileen lana bereziki; guztiak ari dira artatzen koronabirusak kutsatutako pertsonak, eta ahalegintzen ari dira, ospitaleetan, osasun-zentroetan eta egoitzetan, osasun-laguntza zuzena ematen, "nahiz eta baldintzak, estresari dagokionez, inoizko zailenak diren, osasun-sistemarentzat eta sistema sozio-sanitarioarentzat".
Elkargoak, era berean, berretsi du oso garrantzitsua dela izatea "osasun-langileen arrisku biologikoa saihesteko segurtasun-neurri guztiak". Esan duenez, ondo baino hobeto ezagutzen ditu "administraritza publikoak hori segituan lortzeko egiten ari diren ahaleginak".
Ahal beste baliabide
Bestalde, Bizkaiko Erizaintza Elkargoak zehaztu du "etengabe kontaktuan" dagoela, "erakunde publikoekin, elkarlanean", osasun-sistemari ahal beste baliabide errazteko asmoarekin".
Gogora ekarri duenez, berriki iragarri du Osakidetzak deitutako erizain guztiak segituan egingo dituela Elkargoko kide. Gainera, erizain boluntarioen zerrenda abiatu du; boluntario horiek lanerako prest egongo dira, osasun-agintariek deitu bezain laster.