2020ko udaberria
Hasi da ilargi-eklipse bat eta meteoroen bi eurite utziko dituen udaberria
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Igandean, martxoak 29, 02:00etatik 03:00etara aurreratu beharko dira erlojuak.
2020ko udaberria ostiral honetan hasi da, 04:50ean (penintsulako ordu ofiziala), eta 92 egun eta 18 ordu iraungo du, ekainaren 20ra arte, egun horretan hasiko baita uda. Urtaro horretan ordu-aldaketa gertatuko da, eta ilargi-eklipsea ikusteko aukera izango da.
Institutu Geografiko Nazionalaren Behatoki Astronomiko Nazionalak gogoratu duenez, Lurra Eguzkiaren inguruko kokapen jakin batzuetan dagoenean hasten dira urtaroak.
Udaberriaren kasuan, kokapen hori Eguzkiaren erdiguneak, Lurretik ikusita, bere itxurazko mugimenduan zeru-ekuatorea zeharkatzen duenean iparralderantz gertatzen da. Hori gertatzen den egunean, egunaren eta gauaren iraupena ia bat datoz. Horri udaberriko ekinozioa ere deitzen zaio. Iparraldeko hemisferioan udaberria hasten denean, hegoaldeko hemisferioan udazkena hasten da.
Hala, udaberriaren hasiera izaten da egunaren luzera azkarrago luzatzen den urteko garaia. Penintsulako latitudeei dagokienez, eguzkia aurreko egunean baino minutu bat lehenago ateratzen da goizetan, eta arratsaldean, berriz, minutu bat geroago ezkutatzen da. Ondorioz, udaberriaren hasieran eguzkia zerumugaren gainetik dagoen denbora ia hiru minutu handitzen da egunero.
Eklipseak eta meteoroen euriteak
Udaberriak ilargi-eklipsea utziko du ekainaren 5ean, eta Europan, Afrikan, Asian eta Australian ikusi ahal izango da. Ilunabarreko eklipsea 17:48an hasiko da (18:48, Espainian) eta Ozeanian, Asian eta Afrika ekialdean izango da ikusgai. Eklipsea 21:04an amaituko da (ordubete geroago iberiar penintsulan) eta Ozeania mendebaldean, Asian, Europan, Afrikan eta Hego Amerikako ekialdeko muturrean ikusi ahalko da.
Horrez gain, hainbat meteoro eurite izango dira. Udaberriko bi garrantzitsuenak Liridak eta Eta Akuaridak izango dira. Lehenengoen kasuan, jarduera handieneko unea apirilaren 22an izango da, eta maiatzaren 6a, berriz, bigarrenen kasuan.
Gauean planeta batzuk ere ikusi ahal izango dira. Egunsentian, Marte, Saturno eta Jupiter izango dira ikusgai, eta, ekainaren erdialdetik, Venus. Iluntzean Venus izango da ikusgai maiatzaren amaierara arte.
Ordu aldaketa
Martxoko azken igandean emango zaio hasiera udako ordutegiari. Hala, martxoaren 29ko (igandea) goizaldean, 02:00etan (penintsulako ordua) 03:00ak izango dira. Egun horrek, beraz, ordubete gutxiago izango du.
2021etik aurrera ordu aldaketak ezabatzeko aukera eztabaidatzen ari da Europako Parlamentua.