Itxi

Koronabirusa

Urkullu: "Gure erronka osasun-baliabideen hornidura bermatzea da"

Agentzia | Erredakzioa

Leer en Castellano

"Bizi dugun egoerari buelta emateko asko geratzen da oraindik, asteak behar izango ditugu, eta kalte ekonomiko eta soziala oso handia izango da", onartu du lehendakariak.

Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EFE

Eusko Jaurlaritzaren "erronka osasun-baliabideen hornidura" bermatzea dela ziurtatu du Iñigo Urkullu lehendakariak, koronabirusaren izurriteari aurre egin ahal izateko. Zentzu horretan, materiala "arduraz" erabiltzeko eskatu du EAEko buruzagiak.

Babes Zibileko Planaren aholku batzordea bildu da goizean, Gasteizen. Besteak beste, Urkulluk, Nekane Murga Osasun sailburuak, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak, hiru lurraldeetako ahaldun nagusiek, Gorka Urtaran Eudeleko presidenteak eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak parte hartu dute batzarrean.

Azken egunak "zailak eta mingarriak" izan direla aitortu du Urkulluk. Koronabirusaren aurkako borrokan "beharrizan handiagoko eta erne egoteko uneak" helduko direla ohartarazi du agintariak.

"Bizi dugun egoerari buelta emateko asko geratzen da oraindik, asteak behar izango ditugu, eta kalte ekonomiko eta soziala oso handia izango da", onartu du lehendakariak.

Krisiaren hasieratik osasun agintariek "bidea markatu" izan dutela argi utzi du Urkulluk, eta horrela izaten jarraituko du, "atsekabe handia sortzen" ari den pandemia gainditzeko bidea delako.

Osasun arloan bost lehentasun finkatu ditu lehendakariak: "Osasun langileentzako material suntsikorra lortzeko orduan aurrea hartzea, batez ere norbera babesteko ekipamenduak eta arnasgailuak zahar-etxeetan, osasun garraioan eta etxez etxeko arretan".

Era berean, foru aldundiekin batera zahar-egoitzetan osasun arreta bermatu behar dela aipatu du, ospitaletan Zainketa Intentsiboetako Unitateak garatzea eta kolektibo bereziak artatzea; espetxeak, adingabeen eta buruko gaitzen zentroak esaterako.

Bestalde, Osakidetzako profesionalen osasuna eta gogo-aldartea zaintzearen garrantzia azpimarratu du buruzagiak.

Urkulluk nabarmendu duenez, administrazioek gizartearen oinarrizko beharrizanak bermatu behar dituzte, eta lehentasunen artean pertsona ahulenak eta adinekoak daudela gaineratu du, "babestu" behar dira.

"Sektore guztiek jarduera mantentzeko zailtasunak dituzte"

Era berean, izurritearen ondorio ekonomikoak hizpide izan ditu agintariak. Jarduera industrialaren eta komertzialaren suntsiketarekin "kezkatuta" agertu da.

"Denda txikiak, profesionalak, autonomoak, tailerrak, enpresa txiki eta ertainak, gure enpresa handiak. Sektore guztiek jarduera mantentzeko zailtasunak dituzte", azpimarratu du Urkulluk. Eusko Jaurlaritzak krisiari aurre egiteko neurri ekonomikoak hartu dituela gogorarazi du lehendakariak, baita aldundiek eta udalek ere.

"Euskadiko sare ekonomikoaren oraina eta etorkizuna babesteko neurri guztiak martxan jartzea gure ardura da", nabarmendu du. "Erantzukizun handienarekin" eta "batasunarekin" jokatzea eskatu du buruzagiak. Aldi berean, erakunde guztien arteko "harreman eta lankidetza etengabea" aldarrikatu du.

Lehendakariaren ahotan, orain arte euskal gizarteak "maila eman du", zerbitzu publikoek "gaitasuna" dute eta Osakidetzak eta Ertzaintzak "oinarrizko bi zutabe" direla demostratu dute. "Kalitate profesional handia eta konpromisoa" azaldu dutela uste du Urkulluk.

"Elkarrekin lanean jarraitzea dagokigu, atsedenik gabe, eta erabakietan asmatuz", errepikatu du buruzagiak. "Aurretik gogorrena dugu: pandemiaren ondorio pertsonalak", onartu duenez.

"Oinarrizko zerbitzuak eta osasun arreta bermatu behar ditugu, eta aldi berean, posible den heinean, enplegua eta jarduera ekonomikoa mantendu", laburbildu du lehendakariak. Azkenik, babeserako neurriak zorrotz betetzea eskatu die berriro Urkulluk herritarrei.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Albisteak (7)