COVID-19
Bizkaiko Psikologia Elkargoak arretarako telefono bat jarri du martxan
Agentziak | Erredakzioa
Zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei zuzenduta dago: bakarrik daudenei, egoera berezietan bizi diren adingabeei zein familiei eta genero indarkeria jasateko arriskuan dauden emakumeei.
Bizkaiko Psikologia Elkargoak herritarrei arreta psikologikoa eskaintzen duen telefono bat martxan jarri du, bereziki, zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei zuzenduta dgo, koronabirusaren krisia arintzeko.
Kontsultak posta elektronikoz bidali ahal izango dira helbide honetara: psikobizi.bizkaia@cop.es edota Whatsapp mezuen bidez: 686 202 918.
Telefonoa erabili nahi dutenek beren kontsulta idatzi beharko dute, ahal dituzten xehetasun guztiak emanez, profesionalek mezuak lehenesteko irizpideak izan ditzaten.
Halaber, harremanetarako telefono bat eman beharko da, psikologoa kontsulta egin duen pertsonarekin harremanetan jartzeko. Zerbitzuaren ordutegia 09:30etik 17:00etara izango da.
Zerbitzua koordinatzen duen taldeak, elkargokideak diren profesionalek osatua, jasotako gai bakoitza baloratuko du eta, ahal den neurrian, modu telematikoan erantzungo dute.
Ekimen honen helburua ahultasun psikologiko bereziko egoerak bizitzen ari diren pertsonei zalantzak argitzea eta orientabideak ematea da.
Nagusiki, bakarrik bizi diren pertsonei, adingabeei eta egoera bereziak dituzten familiei, genero-indarkeria jasateko arriskuan dauden emakumeei eta, oro har, koronabirusak eragindako egoera psikologikoki eragin diezaiekeen edozein pertsonei zuzenduta dago.