KORONABIRUSA
Tolosako Zerkausiko azoka bertan behera, kaleko salerosketak debekatuta daudelako
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Udalak ordu batzuk lehenago esan du aurrera eramango zuela "osasun eta segurtasun neurri zorrotzekin".
Tolosako (Gipuzkoa) Udalak bertan behera utzi du larunbatean Zerkausian egitekoa zen elikagaien ezohiko azoka, ordu batzuk lehenago "osasun eta segurtasun neurri zorrotzekin" egingo zuela jakinarazi ostean.
Udalak zabaldutako oharrean azaldu duenez, Osasun Ministerioaren dekretua jaso berri du eta bertan "debekatu egin dute kaleko salmenta".
Udalaren esanetan, azken dekretu horretan "kaleen garbiketa desinfektatzaileekin" egin behar dela agintzen dute, eta ondorioz "kaleko salmenta debekatu" egin dela. Hori horrela, "ezinezkoa izango da oinarrizko elikagaien salerosketa Zerkausian egitea".
"Agindua jaso eta berehala, Udalak bertan behera utzi du ezohiko azoka, eta horixe jakinarazi die bertako ekoizleei", gaineratu du.
Udalak gogorarazi du azoka "segurtasun eta osasun neurri zorrotzekin eta berme guztiekin" egin behar zela, eta "udal ordezkari guztien babesa, protokolo zorrotza eta Osasun Sailaren baimena eta oniritzia" zuela.