Koronabuloak
Ez da egia animaliak kaltetzen dituzten pozoiekin fumigatzen ari direla parkeak
EiTB
Bai Gasteizko Udalak, bai hiri-garbiketan jarduten duten sektoreko adituek gezurtatu egin dute koronabirusaren aurkako pozoi berezia darabiltela parkeak fumigatzeko.
COVID-19 gaitzak eragindako krisiaren harira, hainbat dira azkenaldian WhatsApp bidez zabaltzen ari den mezu faltsuak. Horietako bat da, hain zuzen ere, udal-parkeak fumigatzeko "koronabirusaren aurkako pozoi oso gogorrak" erabiltzen ari direla eta pozoi horiek etxean ditugun animaliei "kalte larriak" eragiten dizkietela dioena. Aitzitik, mezu horren ohartarazpena ez da egia, bi informazio-iturrik EiTBko #Koronabuloak lantaldeari baieztatu diotenez.
Dozenaka lagunek galdetu dute gai horri buruz 600 900 454 telefono-zenbakian, hots, EiTBk koronabirusarekin lotutako buloak geldiarazteko asmoz martxan jarritako partaidetza-ekimenaren telefonoan. Bertan, buloak izatearen susmagarriak diren argazkiak, testuak eta bideoak bidal ditzakete herritarrek, mezu horien egiazkotasuna argitze aldera. Erabiltzaileek bidalitako mezu horietakoren batek Gasteizko egoeraz galdetzen zuen berariaz.
Hartara, Gasteizko Udalarekin jarri gara harremanetan, eta Udaleko iturriek Gasteizko garbiketa-zerbitzuei helarazi diete gaia. Haiek ziurtatu digutenez, beti darabiltzaten eta erabat eraginkorrak diren produktu berberak erabiltzen jarraitzen dute. Iturri horien arabera, "xaboi-soluzioak eta produktu desinfektatzaileak dira, eta ez dira kaltegarriak ez maskotentzat ez jabeentzat".
Era berean, EiTBk Euskal Autonomia Erkidegoko zein Estatu osoko hainbat udalerritan garbiketa-lanak egiteaz arduratzen diren sektoreko adituei galdetu die, eta informazio bera eman dute, hau da, "pertsonei edota animaliei kalterik eragitez ez dizkieten xaboi-soluzioak eta produktu desinfektatzaileak" erabiltzen dituztela.
Bestalde, Euskadiko Larrialdietako Boluntario Digitalen Elkarteak (VOST Euskadi) azaldu du hainbat erakundetako ordezkariekin hitz egin duela eta haiek helarazitako prebentzio-neurriak ohikoak direla. Ondorioz, jabeak izan behar dute euren maskotak zein lekutara edota objektutara hurbiltzen diren kontrolatzen dutenak. Horrez gain, elkartetik gogorarazi dute maskotekin egiten diren ibilaldiak neurrizkoak izan behar direla, eta jabeen bizilekutik gertu dauden tokietan egin behar direla.
Buloen katea
Jatorriz Adra (Almeria) udalerrian sortu zen buloak parketik paseatu ondoren txakur batek ustez izan zuen intoxikazioa salatzen zuen. Horrelako mezu-kateekin gertatu ohi denez, informazioak aldaketak izan ditu, eta hainbat mezu izan dira kasu bera salatzen zutenak, baina leku ezberdinetan, besteak beste, Gasteizen.
Bere aldetik, Adrako Udalak asteazkenean gezurtatu behar izan zuen albistea, WhatsApp bidez hedatu zen katea hartzen ari zen tamaina ikusita.
¿ Parar los bulos es cosa de todos y está en nuestra mano.
— Ayuntamiento de Adra (@AytoAdra) March 18, 2020
¿ No difundas mensajes no contrastados.
¿ Confía en fuentes y medios oficiales. pic.twitter.com/eRTOhKRBYz