Itxi

Koronabirusa

917 ertzain eta udaltzain ikasle, zerbitzua emateko prest astelehenetik aurrera

Agentzia | Erredakzioa

Leer en Castellano

Era berean, astelehenetik aurrera ertzainek 12 orduko txandak egingo dituzte, astelehenetik ostegunera, hau da, lau egun lan egingo dituzte, eta ondoren hiru libratu.

Udaltzainak eta ertzainak Bilbon. Artxiboko argazkia: Bilboko Udala

Ertzaintzaren 28. promozioko 617 ikasleei eta udaltzain izateko aurkeztu diren 300 pertsonei idatzi bat bidali die Arkautiko Akademiaren zuzendariak. Oraindik trebatzen ari dira, baina astelehenetik aurrera zerbitzua emateko prest egon behar dira.

Bestalde, Segurtasun sailburuordeak ostiral honetan emandako aginduaren arabera, astelehenetik aurrera ertzainek 12 orduko txandak egingo dituzte, astelehenetik ostegunera, hau da, lau egun lan egingo dituzte, eta ondoren hiru libratu.

Ikasleei bidalitako posta elektronikoan ez dira zereginak zehazten, baina uniformerik ez baldin badute, Arkautiko Akademiatik astelehenean pasatzeko abisua eman diete.

617 ertzain ikasleak txandaka deitu dituzte, ordu erdiro, 08:00etatik 16:00etara.

617 ertzain ikasleen zein udaltzain izateko 300 hautagaien eskolak eten zituzten koronabirusagatik. Ertzainek trebakuntza ekainean amaitu ohi dute; ondorioz, hiru hilabeteko prestakuntza falta zaie. Orain, uniformez jantzita zerbitzura dei ditzakete, baina oraindik ez diete zereginik zehaztu.

“Babes Zibileko Plana martxan jarri ondoren, salbuespen egoeraren aurrean, zerbitzua emateko dei ditzakete”, azaldu diete mezuan ertzain eta udaltzain ikasleei.

Udaltzainen kasuan, mezu bera bidali diete, baina logikoki udalek deituko dituztela esanaz.

Ordutegi berriak

Alarma egoerarekin ertzainen ordutegi berriak “larrialdiari aurre egiteko betebeharrak betetzea” lehenesten du, “ezinbestekoak ez diren zerbitzuak, posible den heinean, mugatuz”.

Neurri guztiak aldi baterako izango direla dio aginduak, eta helburua zerbitzua eta funtzionarioen osasuna bermatzea dela.

Horretarako, zerbitzua “lanaldi bereziekin” berrantolatu dute. Txanda bakoitzeko ertzain kopurua murriztuko dute, lanera ordu ezberdinetan sartuko direlako, eta 12 orduko txandak izango dira, astean egun kopuru txikiagoarekin.

Lantalde bakoitzeko kideen arteko kontaktua murrizteko, lanaldia hasteko eta bukatzeko hiru txanda ezarriko dituzte, 06:00, 07:00 eta 08:00etan, 12 orduko jardunaldiarekin. Gaueko txandaren iraupena ere 12 ordukoa izango da, eta 18:00, 19:00 eta 20:00etan hasiko da.

Ertzainen bi herenak goizeko txandak egingo ditu, eta heren batek arratsalde-gauekoa.

Honenbestez, 12 ordu jarraian lan egin eta asteko bi txanda ezarriko dituzte: bata astelehenetik ostegunera eta gainerakoa jai, eta bestea ostiraletik igandera, eta gainerakoa libre. Ertzainak txandakatuko dituzte, guztiek berdin lan egiteko.

Gainera, oporraldiak eta zenbait baimen bertan behera geratuko dira aldi baterako. Oporrak eskatuta izatekotan, kasuan kasu aztertuko dituzte. Berehala zerbitzua emateko prest egon behar dute ertzainek, nahiz eta zerbitzuan ez izan. Era berean, entrenamendu lan saioak bertan behera utzi dituzte.

Erne sindikatuaren kritikak

Erne Ertzaintzako sindikatu nagusiak txanda berriak eta aldaketak kritikatu ditu dagoeneko. Roberto Seijo idazkari nagusiak Estefania Beltran de Heredia Segurasun sailburuari gutun bat bidali dio, Ertzaintzaren kontseilua lehenbailehen deitzeko eskatuz.

Beste neurri batzuk posible direla azaldu Ernek, besteak beste, “Ertzaintzako zuzendariaren eta buruzagiaren txofer eta bizkartzain zerbitzuak ezabatzea, beharrezkoak ez direlako”, edo salaketa telematikoen aldeko apustua egitea, hauek larriak ez direnean.

Azkenik, ertzainentzako babes materiala eskatu du sindikatuak, kutsatzeko arriskua murrizteko, zerbitzuaren hasieran ertzain guztien sukarra neurtuz.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Albisteak (4)