Zerbitzu berria
Munduko Osasun Erakundeak WhatsAppez argituko ditu Covid-19aren inguruko zalantzak
Agentziak | Erredakzioa
Munduko Osasun Erakundearen ekimena doakoa da eta informazio azkarra, ofiziala eta fidagarria emango du, mundo osoan, eguneko 24 orduetan.
Koronabirusak eragindako osasun krisiaren ondorioz, pertsona ugari Munduko Osasun Erakundera (MOE) jotzen ari da informazio eta gomendio fidagarri eta ofizialak eskatzeko. Hori dela eta, erakundeak "MOEko osasun alerta" izeneko zerbitzua abian jarri du WhatsAppen.
Doako zerbitzua da eta gizarteak koronabirusaren inguruan dituen zalantzei erantzuteko sortu dute. Horren bidez, informazio azkarra, fidagarria eta ofiziala emango dute mundu osora, WhatAppek prentsa ohar batean aditzera emandakoaren arabera.
Halaber, zerbitzu berria gobernu ezberdinetan erabakiak hartzeko ardura dutenentzat lagungarria izango da, azken datuak eta egoeraren inguruko informazioa emango duelako.
Zerbitzuarekin harremanetan jartzeko, erabiltzaileek +41 79 893 1892 zenbakia euren kontaktuen zerrendan gorde behar dute eta ondoren "Hola" hitza WhatsApp bidez bidali.
Zerbitzuak zenbait oharrei erantzuten die eta egunero berriztatuko da jasotako azken informazioekin.
Sei hizkuntzatan
MOEk abian jarritako ekimen berriak, informazio ofiziala emango du gai ezberdinen inguruan: infekziotik nola babestu, bidaiatzeko gomendioak edo koronabirusaren inguruan sortutako mitoak nola deuseztatu.
Hasiera batean, zerbitzua ingelesez emango dute, baina datozen asteetan sei hizkuntzatan zabalduko dute: ingelesa, arabiera, txinera, frantsesa, errusiera eta espainiera.