Itxi

Koronabuloak

Koronabirusa duten 65 edo 70 urteko pertsonek arnasgailuak izaten jarraituko dute

EiTB

Leer en Castellano

Hainbat mezu zabaldu dira esanez Madrilgo erkidegoan arnasgailuak kenduko dizkietela COVID-19 duten 65 edo 70 urteko pertsonei, baina ezeztatu egin du Osasun Azpiegitura Zuzendaritza Nagusiak.

Gizon bat Madrigo La Paz Ospitalaren aurrean. Argazkia: EFE

Koronabirusa duten 65 edo 70 urteko pertsonei arnasgailuak kenduko dizkietela zabaldu da azken egunotan WhatsApp bidezko audio baten bitartez, eta mezu horretan esaten dena gezurra dela adierazi dute Espainiako Osasun Ministerioak (martxoaren 20an), Madrilgo Erkidegoko Osasun Azpiegitura Zuzendaritza Nagusiak (martxoaren 18an), baita La Paz Ospitaleak eta Jimenez Diaz Fundazioak (martxoaren 19an).

Madrilgo Erkidegoan zabaldu den WhatsAppeko audioa Euskal Herrira iritsi da, eta asko izan dira WhatsApp bidez 60900454 zenbakian EiTBren koronabirusari buruzko buloak geldiarazteko ekimenarekin, larrituta audio horrek esaten duenarekin. Audioak honakoa esaten du: "Arnasgailuak liberatzen ari dira 65 urtetik beherakoentzat, eta orain gertatzen ari den kontu bat da". Gainera, La Paz Ospitalean eta Jimenez Diaz Fundazioan 70 urtetik gorakoei ez dietela arnasgailurik jartzen esaten duen mezu-kate bat ere zabaldu da WhatsApp bidez.

Koronabirusari buruzko buloak argitzen dituen Maldita.es webguneak Espainiako Osasuna Ministerioarekin hitz egin ahal izan zuen mezu hauen harira martxoaren 20an, eta hauxe izan zen egun horretako goizeko 7retan jaso zuten erantzuna: "Gezurra da erabat 70 urtetik gorako pertsonei arnasgailuak kenduko zaizkiela".

Audio honetan esaten dena gezurra dela argitu ahal izan dugu martxoaren 20an, 'fake' albisteak desmontatzen dituen 'Maldito Bulo' webguneak EiTBren koronabirusari buruzko buloak gelditzeko ekimenarekin bat eginda, baita VOST Euskadi Boluntario Digitalen Elkartearen laguntzarekin.

Madrilgo Erkidegoko Osasun Azpiegitura Zuzendaritza Nagusiko zuzendaria den Alejo Miranda de Larrak Twitterren adierazi zuen martxoaren 18an, ez dela egia erkidegoan arnasgailuak falta direla.

Bestalde, WhatsApp bidez zabaldutako mezu-kateak hauxe esaten du: "Nire amak esan digu jada ez dagoela mundu guztiarentzako arnasgailurik La Paz Ospitalean, eta adineko jendeari arnasgailuak kenduko dizkietela. Gainera, badakit Jimenez Diaz Fundazioan eta Sanchinarron ere egoera berdinean daudela, han bi lagun ditudalako, eta 70 urtetik gorakoak utziko dituzte arnasgailurik gabe". Mezu honen hedapena ikusita, martxaren 19an, La Paz Ospitaleak jakinarazi zuten ez dela egia WhatsApp bidezko mezu-katean esaten dena, eta gaixo edo paziente guztientzat arnasgailuak badaudela. Egun berean, Jimenez Diaz Fundazioak Maldita.es webguneari honakoa esan zion: "Ez dago hornidura gabeziarik, eta paziente guztiak zaintzen ari gara, beharrizanen eta ditugun errekurtsoen arabera, modu dinamiko baten".

** Informazio honek martxoaren 21eko data du. Beste iturri batzuek datu berri esanguratsuak eskaintzen badituzte, eta egoerak aldaketak izaten baditu, kontsultatu albistearen eguneraketa eitb.eus webgunean.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.

Albisteak (3)