Koronabirusa
Datorren aste amaierarako emozionalki prestatzea eskatu du Sanchezek
Agentzia | Erredakzioa
"Egun oso gogorrak izango dira", onartu du Espainiako gobernuburuak. Era berean, koronabirusa gripea baino askoz azkarrago zabaltzen ari dela, eta birusa hilkorragoa dela aitortu du buruzagiak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Datorren astearen amaierarako emozionalki prestatzea eskatu die Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak herritarrei, "egun oso gogorrak izango direlako".
Espainiako Gobernuko presidentearen agerraldia 21:30ean hasi da. Alarma egoera dekretuaren aplikazioak orain arte izan duen eraginaren balantzea egin du agintariak.
Espainia izurriteak gehien astindu duen Europako estatuetako bat izan dela onartu du Sanchezek. Era berean, koronabirusa gripea baino askoz azkarrago zabaltzen ari dela, eta birusa hilkorragoa dela aitortu du buruzagiak.
Herritarrek konfinamendu neurriak bete behar dituztela errepikatu du buruzagiak, osasun sistema prestatzeko eta txerto bat aurkitzeko "denbora irabazi" behar dutelako.
Osasun sistemaren "prestakuntza hobetu" eta "zientziak tratamendu eta txerto eraginkorrak aurkitu" behar dituela esan du gobernuburuak.
Orain arte hartutako neurriak defendatu ditu Sanchezek, fase bakoitzean oreka bilatu eta une oro adituen gomendioak jarraitu dituztelako.
Arduradun publiko guztien "betebeharra" orain "batasuna mantentzea" dela nabarmendu du agintariak, eta horregatik, Gobernuko kideak ez dira beste administrazioetako edo alderdietako kargudunekin eztabaidan arituko.
Helburua "birusa garaitzea da", eta "bizitzak, lanpostuak eta enpresak salbatzea premiazkoa", erantsi duenez.
"Ausardia" eta "garaipena lortzeko kemena" eskatu die Sanchezek herritarrei, krisiaren unerik okerrena oraindik heltzear dagoelako, eta "olatu" horrek muturrera eramango ditu herriaren gaitasun guztiak.
Sanchezen esanetan, herritarren erantzuna "eredugarria" izaten ari da. "Zoritxarra gure onena ateratzen ari da", adierazi du.
Agintariak zehaztu duenez, birusa ez da modu uniformean zabaltzen ari, batez ere Madril astintzen ari dela onartu du, ondoren Katalunia eta Euskadi. Espainiako Gobernuak "egin beharrekoa egingo du, beharrezkoa denean eta beharrezkoa den tokian", gaineratu duenez.